Andre Gobadarien Ibai parkea eta ibaia garbituko dituzte herritarrek larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 2a, 00:00
Maite Erauskin eta Xabier Urdangarin, aurkezpenean.

Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna dela eta,  garbiketa 10:30etatik 13:30etara luzatuko da. Gaea eta Udalak elkarlanean antolatu dute.

Udalak eta Gaea elkarteak elkarlanean Andre Gobadarien Ibai parkearen garbiketa antolatu dute larunbaterako, Ingurugiroaren Nazioarteko Egunean. Adin guztietako herritarrei zuzendua dago, eta ekimena irekia da. Xabier Urdangarin alkateak eta Maite Erauskin Gaea elkarteko partaideak aurkeztu zuten atzo ekimena udaletxean. 


«Helburua, erreka ertzean eta parkean zehar hondakinak bildu, sailkatu, eta ahal den neurrian, dagokion sailkapen plantara eramatea izango da» adierazi zuen Maite Erauskinek. 10:30etatik 13:30etara egingo da eta garbiketaz gain, hitzaldia, musika eta hamaiketakoa ere egongo dira. 
Ongietorria eta gero materiala banatuko da, informazioa eta hizketaldiak 11:30ak arte iraungo du eta garbiketa egin eta gero sarien zozketa eta hamaiketakoa daude.


Gaea elkartea urpekariek osatzen dute. Horiek, ibai eta itsasoaren egoera ikusita, sentsibilizazioa piztu eta elkartea osatu zuten. Orain ere jendea sentsibilizatu nahi da ingurugiroa babesteko, zaintzeko eta kostaldea eta ibaiak garbi mantentzeko. 


Horretarako Zabor Harrapakariak ekimena sortu dute. Proiektuaren ardatzak sentsibilizazio eta garbiketa ekitaldi bat eta inguruko zonalde zikinen berri emateko plataforma baten garapena dira. «Proiektuak herritarren partaidetza sustatzeko Aldundiaren dirulaguntza jaso zuen eta Astigarragako Udalaren onespena eta ekimena antolatzeko prestutasuna ere. «Proiektua Udalaren hondakinen kudeaketarekin bat dator, Udala, herriguneko hondakinetan ez ezik, parke, ibai, erreka, eta gainerako espazioetan ere, hondakinen kudeaketa egokia egiten saiatzen baita» aipatu zuen Urdangarin alkateak.

Herri Eskolako ikasleek errekak garbituko dituzte ostiralean
Bestetik ostiralean, Herri Eskolak lehen hezkuntzako ikasleekin ibaiadarren garbiketa egingo du, eta proiektuan parte hartuko dute. Ikasle guztiek hartuko dute parte garbiketan, guztira 355 ikaslek. 


Petritegi, Oialume, Galtzaur, Mundarro eta Goiko Iturri errekak garbituko dituzte ikasleek hain zuzen ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!