Telazko poltsak banatuko dituzte gaur ikasleek, Eko Fish proiektuaren baitan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 29a, 00:00
Arantzazuko Amako ikasleak, gaur banatuko dituzten telazko poltsekin.

Herriko hiru dendatan egongo dira, poltsak banatzen, plastikoak eragiten dituen arazoak murrizteko.

«Plastikoak sortzen dituen arazoekin kontzientziatuta», ingurumenari begirako ekintza bat prestatu dute Arantzazuko Ama­ko DBH3ko ikasleek, gaurko: telazko poltsak banatuko dituzte, herriko hiru dendatan (Eroskin, Zubitxon eta Coviran Isabelen). Eko Fish proiektuaren baitan egingo dute poltsa banaketa, eta proiektuaren berri ere emango diete herritarrei.

«Kontsumitzen den plastiko gehienak bukatzen du itsasoan, eta bertara iristen denean, hainbat gauza gertatu daitezke: itsas faunak irenstea, gainazalean flotatzen geratzea, edo hondoan bukatzea; 10.000 metrotik gorako sakoneran aurkitu dira hondakinak. Gainera, plastikoa desagertzeko ehunka urte behar dira. Eta bestetik, plastikoak osasunean ere eragin negatiboa izan dezake, elikagaietara iritsi daitezkeen substantzia toxiko batzuk dituelako», nabarmendu dute ikasleek.

Horretagik, Eko Fish proiektuarekin, ikasleen helburua da ahal duten guztia egitea, munduan dagoen plastikoa murrizteko. «Ekintza txikienarekin ere lagundu dezakegu, eta horregatik, erosketak egiteko garaian plastikozko poltsak ez erabiltzeko, telazkoak banatuko ditugu, lantzen ari garen proiektuaren inguruko informazioa ematearekin batera», azaldu dute.

Eta gogorarazi dute, ahalik eta plastiko kantitate txikiena erabiltzea komeni dela, eta erabiltzen dena, modu egokian birziklatu behar dugula.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!