Mari Pili ereduari buruzko solasaldia egingo dute gaur arratsaldean, Emakumeon Etxean

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 28a, 00:00

Arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua. Taldean entzungo dute 'Tu mujer salvaje' jardunaldietako hitzaldi bat, eta elkarrekin hausnartuko dute gero. Ekaineko ekintzen berri ere eman du Emakumeon Etxeak.

Solasaldi dinamika bat jarri du martxan Astigarragako Emakumeon Etxeak, eta gaur egingo dute hirugarren saioa. Grabatutako hitzaldi bat entzuten dute taldean, eta ondoren, gaiaren inguruan hausnartu eta dinamika batzuk egiten dituzte.

Joan den urteko maiatzean, Tu mujer salvaje jardunaldien ba­rruan eskaini ziren hitzaldiak, feminismoaren inguruan; eta horien grabazioak eskuratu ditu Astigarragako Udalak, Emakumeon Etxearen eskura jartzeko.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko dute gaurko saioa, Emakumeon Etxean bertan; eta Mari Pili ereduari buruz ariko dira: «emakumeok beldur gara, ez gaituzten gogoko izango, ez diegun itxaropen batzuei erantzungo... Eta orduan, ateratzen zaigu Mari Pili eredua. Nola aldatu hori? Jokabide estrategikoaren eredua zein izango litzatekeen planteatuz, eta beste era batera pentsatzera behartuz. Perfekzionismoa menpekotasun eredu bat da. Ez diozu zure buruari onartzen zaren bezalakoa izaten; bestearen eskakizunei men egiten diezu», azaldu dute.

 

Hiru tailer, ekainerako

Gaurko solasaldiaz gainera, ekai­neko ekintzen berri ere eman du Emakumeon Etxeak. Hiru tailer izango dira, zehazki. Hurrengo larunbatean eskaini­ko dute aurrenekoa, hilaren 5ean: Afro dantza tailerra. 11:00etatik 13:00etara izango da, Emakume­on Etxean; eta Olatz Amalurrek eskainiko du, zuzeneko musikarekin. Helburua da, lurrarekin eta emakumeon feminitatearekin lotura esperimentatzea dantzaren bitartez. Doakoa izango da, baina parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, Emakumeon Etxean bertan edo emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidean.

Ekainaren 17an izango da bigarrena: Lurralde erotiko berriak esploratzeko atariaren azkeneko saioa, Plax! zerbitzuko Nerea Sanchoren eskutik. Arratsaldeko 17:30etan izango da, Emakumeon Etxean.

Eta hirugarrena, amatasunaren inguruko tailerra izango da, ekainaren 19an, 10:00etatik 14:00etara Emakumeon Etxean. Bertan hausnartuko dute, zer den amatasuna bakoitzarentzat eta taldearentzat, eta nola bizi dugun. Izaskun Robledok eta Miren Camisonek gidatuko dute saioa. Doakoa izango da, baina izena eman behar da, Emakumeon Etxean edo emailez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!