Bigarren jardunaldi partehartzailea egingo dute gaur goizean, Astigarraga Ehuntzen egitasmoaren barruan. Sormen tailerra izango da gaurkoa, Erribera kulturgunean, eta bertan hartuko dute parte adineko pertsonek eta herriko elkarteek. Goizeko 10:30etan hasita, ordu eta erdiko saioa egingo dute, 12:00ak arte. Bat, Bi ta Hiru taldeko dinamizatzaileek gidatuko dute.
Bigarren edizioa du aurtengoa, Astigarraga Ehuntzen egitasmoak; eta asmoa da, elkarlanean aritzea adinekoak eta herriko elkarteak, herriarentzako jarduerak antolatzeko. Apirilaren 21ean egin zuten aurreneko saioa, eta bertan, herriko elkarteen aurkezpena egin zuten: bakoitzaren jarduera eta ezaugarriak. Bigarren saioa, aldiz, guztiz partehartzailea izango da, aurreratu dutenez.
Oraingoan, elkarrekin sortuko dituzte ideiak adinekoek eta elkarteetako kideek; eta ideia horietatik abiatuta antolatuko dituzte jarduera eta ekimenak ondoren, herrian egiteko. Adineko pertsona bakoitzak, interes gehien pizten dion elkartearekin hartu ahal izango du parte. Antolatuko dituzten jarduerak, gainera, inklusiboak izango dira, herritar guztientzako irekita egongo baitira.
Saioan parte hartzeko gonbitea luzatu die Udalak, Astigarragako adineko guztiei. Ideiak sortu eta jarduerak martxan jartzeaz gainera, aukera izango dute «gauza berriak egiteko gogoa daukaten pertsonak ezagutzeko», nabarmendu dutenez. Parte hartzeko, izena eman daiteke emailez, partaidetzaastigarraga@gmail.com helbidera idatzita; edo telefonoz, 680 497 090 zenbakira deituta.