Energia berriztagarriak ezartzeko online saioa, gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 27a, 00:00

Energia Argitu programaren baitan, gaur skainiko dute internet bidezko ikastaroa, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta izena eman behar da. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Astigarragako Udalarekin elkarlanean, honako tailerra antolatu du: Energia berriztagarriak zure etxean... Posible da! Tailerraren helburua da, modu argi eta ulergarri batean eskaintzea, herritarrek beraien etxeetan energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak.

Izaera praktikoa izango duen saio bati esker, energia berriztagarrien instalazioak aurrera eramateko baldintzak zeintzuk diren argituko ditu gaian espezializatutako aditu batek, eta aldi berean, azalduko du instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen, gure lurraldean martxan dauden instalazioen benetako kasu praktikoen bidez. Batez ere, autokontsumorako plaka fotoboltaikoei buruz izango da saioa.

Tailer honetan parte hartzeko, aurretik izena ematea beharrezkoa da, eta bi modu daude horretarako. Batetik, posta elektronikoz idatzi daiteke, argitu@gipuzkoa.eus helbidera; eta bestetik, telefono  deitu daiteke, 943 16 41 72 eta 605 757 687 zenbakietara. 

Informazio osagarria

Saioa jarraitzeko, internetera sarrera izatearekin nahikoa da, ez da programarik deskargatu beharko. Tailerrean sortzen diren galdera edo zalantzak, txat bidez luzatu ahal izango direla ere jakinarazi dute antolatzaileek. Eta denborarik emango ez balu, mezu elektroniko bidez erantzugo dizkiete galderak ondoren, partehartzaileei.

Saioa euskeraz zein gaztelaniaz jarraitzeko aukera emango da, eta informazio gehiago nahi izanez gero, www.argitu.eus webgunean aurkitu daiteke.

Beste hainbat baliabide 
Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamenduak, baliabide multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, herritarrentzako prestakuntza saioak, online tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren webgunea...

2021 urteko udaberrian zehar beste hiru online ikastaro eskaini dira, eta ekainaren 9an egingo da seihileko honetako azkenekoa, online formatuan: Ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!