Astearte arratsaldean Astigarragako Udalean egin zen Osoko Bilkuran, hainbat gai lantzeaz gain, bi adierazpen instituzionalen proposamenak aurkeztu ziren, eta aho batez onartu ziren biak, gainera.
2021eko apirilaren 27ko aktaren onarpenarekin eman zitzaion hasiera plenoari. Eta jarraian, jardun zuten Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 16garren Txalaka Oialume eremuko P-2, P-6 eta P-1 lurzatiei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruz. Akordio proposamena aurkeztu zuen Xabier Urdangarin alkateak, eta aho batez onartu zen. Ondoren, bi adierazpen instituzionalen proposamenak aurkeztu zituzten Plenoan. Lehenengo adierazpena izan zen herri palestinarraren aurka Israel egiten ari den erasoen ingurukoa, eta jarraian, Kolonbiako egoeraren ingurukoa azaldu zuen Astigarragako alkateak. Bi adierazpen instituzionalak onartu ziren, alderdi guztiek eman baitzuten aldeko bozka.
Behin Plenoko gai ordena amaituta, informazio, galdera eta eskarietara igaro ziren. EAJk, autobus zerbitzuen inguruko gaia mahai gaineratu zuen. Izan ere, pasa den ostegunean bilera egin zen herritarrekin, eta EAJk honakoa azaldu zuen: «jakin nahiko genuke ea zenbat lagun bildu ziren, eta zeintzuk izan ziren iritziak».
Plenoari amaiera eman zitzaion alkatearen erantzunarekin: «jende ugari etorri zen, 35 bat inguru. Eta orokorrean, jendearen iritzia da haserrea. Garraio zerbitzuetan dauden aldaketengatik, zerbitzu eskasagatik, ordutegiengatik... Gainera, Foru Aldundiak proposatu du A1 linea orduro jartzea, eta A2 linea maiztasun gehiagorekin pasatzea. Hori jendeak ez du onartu, A1 linearentzat ordubeteko mazitasuna gutxi baita. Gure erantzuna bidaliko diogu Aldundiari, herritarren kexak kontutan hartuz».