Koldo Mitxelena lehiaketan saria eta aipamen berezia jaso dute hainbat ikaslek

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 22a, 00:00

Arantzazuko Ama BHIko DBHko ikasleek Koldo Mitxelena literatura-lehiaketako 32garren edizioan parte hartu dute; eta denera, 15 saridun eta aipatu izan dira. Olerkia, komikia, mikroipuina, ipuina eta bertsoa landu dituzte, eta «oso pozik» daude izandako emaitzekin.

Koldo Mitxelena literatura-lehiaketako 32garren edizioa izan da aurtengoa, eta Arantzazuko Ama BHIko ikasle askok jaso dute saria. Aurten, hainbat modalitatetan parte hartzeko aukera izan da: komikia, ipuina, mikroipuina, bertsoa eta olerkia. Gainera, antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzea «bereziki haundia» izan da, 1.481 lan jaso direlako, iaz baino 237 gehiago. Epaimahaiak aurkeztutako lanetatik 24 saritu ditu, eta 53ri eman die aipamen berezia. Azken horretan ere zortedunak izan dira Arantzazuko Ama BHIkoak, horretan ere izendatuak izan direlako. «Maila altua erakutsi dute ikasleek; oso pozik gaude», azaldu dute Leire Belokik eta Aintzane Barandiaranek, DBHko euskera irakasleek.

Herenegun izan zen sari banaketa, Donostiako Udaleko Udalbatza aretoan. Bertan alkatea, epaimahaia, saridunak, musikariak eta aurkezlea bera izan ziren. Ekitaldi goxo eta polita izan zen, eta poz haundiz jaso zituzten sariak Martuteneko ikastolako ikasleek.

 

Denera, 15 saridun eta aipatu

Aurrez aipatu moduan, edizio honetan 24 lan saritu dira: zehazki, 2 olerki, 6 komiki, webkomik 1, 5 bertso, 6 ipuin eta 4 mikroipuin. Horietatik, zazpi Arantzazuko Ama BHIko ikasleen lanak izan dira, lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren mailako ikasleenak, hain justu. Hauexek izan dira saridunak: Zihara Paquico Coloma, Carla Magno Carrion, Izar Irazusta Garmendia, Irati Oskoz Egiguren, Ane Iparragirre Gonzalez, Lexuri Legorburu Arrieta, eta Naroa San Miguel Ugarte. Aurtengo lan sarituekin, gainera, liburuxka argitaratuko dute, euskarri fisikoan zein digitalean.

Hori ez ezik, aurtengo Koldo Mitxelena lehiaketan, guztira, 54 parte-hartzaileek jaso dute aipamen berezia. Horietatik, Arantzazuko Ama BHIko 9 ikasle izendatu dituzte: Eric-Andrei Vladu, Nerea Garcia, Urbizu, Gartxot Elizegi Agirre, Irati Oskoz Egiguren, Naiara Oyarbide Muguerza, June Irureta Gereño, Ainhoa Garcia Arbizu, Beñat Otaegi Arratibel, eta Erika Zamakola Etxeberria.

 

«Oso gai anitzak eta aberatsak landu dituzte ikasleek»

Garrantzia ematen diote Arantzazuko Ama Ikastolan Koldo Mitxelena lehiaketari; izan ere, «garrantzitsua da sormena lantzea eta betiko lanen parametroetatik ateratzea; eta lehiaketa honek horretarako aukera ematen du», azaldu du Belokik. «Gainera, horrelako gaiei heltzea eta idazmena lantzea ere komeni da. Hezkuntza ere horrela lantzen baita, eta ez soilik gauza zurrunetatik», dio.

Gai «anitzak eta aberatsak» landu dituztela azaldu dute euskera irakasleek. «Denetarik egin dute, eta maila altua egon da», dio Barandiaranek. «Olerkia da urtero gutxien lantzen den modalitatea, eta gure erronka da datozen urteetan ikasle gehiago poesia egitera animatzera», hausnartu dute ikastolakoek. Ainhoa Garcia ikaslea izan da olerkia egitera animatu den ikasle bakarra: «hautu ona da olerkia aukeratzea. Mezua helaraztea errazagoa da poesiaren bidez, zuzenago adierazi daitekeelako; izan ere, ipuin batean, adibidez, ez dago mezua hain argi azaltzeko aukera. Istorioa gehiago landu behar da. Nik, poesian, idazteko moduan zentratu nahi nuen, eta oso gustura aritu naiz lanean», kontatu du.

«Garrantzitsua da sormena lantzea eta betiko lanen parametroetatik ateratzea; eta lehiaketa honek horretarako aukera ematen du»

Zenbait gai fikziozkoak dira, eta beste batzuk, berriz, errealak. Denetarik dago kontakizunetan: super heroiak, euskal mitologiako pertsonaiak, edota gazteek asmatutako protagonistak. Horrez gain, gaur egun puri-purian dauden gaiak ere landu dituzte; adibidez, koronabirusa. Horrekin batera, gai sakonak ere jorratu dituzte ikasleek, jendarteko auziak, hain zuzen: familia barruko liskarrak, genero-berdintasuna, edota indarkeria matxista, adibidez.

Norberak bere modura egin du kontakizuna, libre. «Guk laguntza eman diegu, baina meritua beraiena da», dio Belokik. Gabonetako oporretan egiteko aukera eman zieten, «lanerako egun gehiago izateko eta lanak hobeto lantzeko». Gero, komikiak, ipuinak, olerkiak eta bertsoak jasotzean, irakasleek zenbait zuzenketa gramatikal egin zituzten, «baina lana ikasleena da, eta harro gaude emaitzekin. Fruituak eman ditu eskolan egindako lanak».

 

Aipamena eta saria, beste zenbait ediziotan

Aurrekoarekin batera, aipatu beharra dago pasatako edizioetan ere aurten sarituak edo aipatuak izan diren zenbait ikaslek sariak jaso zituztela. 2019ko edizioan, kasu, saria jaso zuten ikasle hauek: Beñat Otaegi Arratibelek  ipuina sailean (aurten aipamena ipuinean), Ane Iparragirre Gonzalezek bertsoak sailean (aurten sariduna bertsotan), eta Irati Oskoz Egigurenek olerkia sailean (aurten sariduna komikian eta mikroipuinean); eta, aipatuetan ere, bada errepikatu duenik: June Irureta Gereñok poesian (aurten aipatua ipuinean) eta Erika Zamakola Etxeberriak ipuinean (aurten aipatua ipuinean).

Bestalde, DBHko lehenengo eta bigarren mailako ikasleentzat, aurten zen parte hartzeko lehenengo aldia. Baina, hirugarren eta laugarren mailako ikasleek, aldiz, dagoeneko ezagutzen zuten lehiaketa. Aurreko edizioetan, ikastolak aukera hori aurkeztu zien ikasleei; aurten, ordea, ikasle guztiak parte hartzera animatu dituzte, euskera ikasgaiko ebaluaziorako lan gisa. «Horrela egitea erabaki dugu, beraiek ikusi dezaten horrelako zerbait egiteko gai direla. Izan ere, askotan, hasi aurretik gai ez direla uste dute. Ezingo dut egin; luzeegia da, ez naiz gai…Gero, amaitzean, ikusten dute horrelako gauzak egiteko gai direla, eta amaitze hutsarekin ere pozik gelditzen dira, lan txukuna egin dutelako», azaldu du Belokik. «Alegia, norbera konturatu da gai dela hasteko eta bukatzeko».

Esanak esan, Arantzazuko Ama BHIko ikasleak zein irakasleak pozik eta gustura agertu dira egindako lanarekin eta izandako emaitzekin. «Datorren urtean ere parte hartzeko asmoa dugu», azaldu dute.  

 

ZIHARA PAQUICO COLOMA 
'MAITASUN ISTORIOA' (KOMIKIA)

«Mangan oinarritu naiz»

«Nire komikian mutil bat da protagonista. Asko gustatzen zaio telesail bat ikustea; baina, bat-batean, emititzeari uzten diote eta asko haserretzen da. Hala ere, hurrengo egunean, ikastolan lagunei horren berri ematen dienean, gelakideek esaten diote telesail hori ikusi ezin duen bakarra bera dela. Manga komikietan oinarritu dut nire lana, asko gustatzen zaidalako. Komikian protagonistak ikusten duen telesaila, hain justu, Dragoi Bola da»

CARLA MAGNO CARRION
'BUKAERA ONIK GABE' (iPUINA)

«Ez nuen espero saritua izatea»

«Aitak eman zidan ideia, eta fikziozko ipuina egin dut. Madrilen kokatu dut istorioa. Gerra piztu da, eta herritarrek uste dute soilik bertan daudela liskarrak. Hala ere, gerratik ihesi, errefuxiatuen kanpaleku batera heltzen dira protagonistak, eta bertan, konturatzen dira gerra mundu osoan dagoela. Gainera, ez dakite bizirik irten diren herritar bakarrak diren ala ez. Amaiera irekia egitea erabaki nuen, irakurleek erabaki dezaten istorioa nola amaitzen den»

 

IZAR IRAZUSTA GARMENDIA 
'zER ARRAIO!' (komikia)

«Istorio umoretsua egin dut»

«Marraztea idaztea baino gehiago gustatzen zait, eta horregatik aukeratu nuen komikia. Koronabirusaren gaia pil-pilean dagoenez, kontakizun umoretsua egitea pentsatu nuen. Protagonista etxetik irteten da maskarilla gabe eta jendeak arraro begiratzen diola ikusi du. Azkenean, konturatzen da maskarilla ahaztu duela, eta horregatik sumatu dituela begiradak kalean. Guztioi gertatu zaigun zerbait da, eta komiki batean kontatzea ideia ona zela pentsatu nuen»

 

IRATI OSKOZ EGIGUREN
'Burbuilatxoan', 'EZJAKINAREN EGUNA'

(KOMIKIA ETA MIKROIPUINA)

«Askoz hobeto idazten dut helburu bat dudanean»

«Duela urte batzuk ia egunero idazten nuen (olerkia txikitxoak), baina orain, gutxiago. Egia esan, askoz hobeto idazten dut helburu zehatz bat dudanean. Bestalde, marrazteko ohitura haundia daukat; izan ere, irudimenarekin jolastea asko gustatzen zait. Hala ere,  ez naiz oso trebea komikiak egiten, baina erronka bat zenez, gogotsu ekin nion lanari»

 

ANE IPARRAGIRRE GONZALEZ 
'HAINBAT MUNDU INTIMO'  (BERTSOA)

«Gizarteko gaiak landu ditut»

«Hainbat bertso egin ditut, eta bakoitzean pertsona baten istorioa kontatu dut. Gizarteko gaiak landu ditut, eta bizitzan zailtasunak dituzten herritarren bizipenen berri eman dut. Besteak beste, beti lanean dagoen enpresaburu baten kontuak; seme-alabekin eta bikotekiderik gabe aurrera egin behar duen emakume eta ama baten istorioa; pertsona elbarri baten eguneroko arazoak; edota seme-alabek zaharren egoitzan utzi nahi duten aitona baten istorioa»

 

LEXURI LEGORBURU ARRIETA
'INAUTERIAK' (bertsoa)

«Oso gustura egin dut lana»

«Inauteriak ospatzen diren toki garrantzitsuen berri eman dut bertsoetan, eta pertsonaia nagusiak deskribatu ditut. Besteak beste, Mielotxin eta euskal mitologiarekin lotura dutenak. Zaila da hori bertsoen bidez deskribatzea, baina oso gustura egin dut lana. Gainera, bertsolaritza gustuko dut eta horregatik aukeratu nuen modalitatea hau. Etxean errimen liburu bat dut eta horren laguntzarekin osatu ditut nire bertsoak»

 

NAROA SAN MIGUEL UGARTE 
'KONFINAMENDUA' (BERTSOA)

«Oso pozik nago emaitzarekin»

«Eskolatik kanpo ez naiz bertsolaritzan gehiegi murgiltzen, baina lan hau egiteko bertsoak aukeratu nituen. Prozesua gustatu zait eta, gainera, emaitzarekin ere oso pozik nago. Bertsoetarako, Mikel Urdangarinen Badira hiru aste abestiaren doinua erabili dut. Bertsoetan, koronabirusari buruz aritu naiz. Orain arte bizi izan ditugun fase guztien berri eman dut, eta bakoitzaren deskribapen txiki bat egin dut bertso bakoitzean»

 

ERIC-ANDREI VLADU 
'EGUN EZ HAIN POLITA' (KOMIKIA)

«Asko gustatzen zait marraztea»

«Asko gustatzen zait marraztea, eta hasieran ipuina egin nahi nuen arren, ez zidan denbora eman;  eta, beraz, komikia egitea aukeratu nuen. Nire istorioan neska bat da protagonista. Etxetik ateratzean, zabor multzo haundi bat topatzen du bidean. Haserretu eta harritu egiten da, eta etxera bueltatzea erabakitzen du. Gaur egun gertatzen den zerbait da, eta gai interesgarria delakoan, komikian lantzea erabaki nuen. Oso pozik nago emaitzarekin»

 

NEREA GARCIA URBIZU 
'AMETS BITXIAK' (IPUINA)

«Nire amets bat kontatu dut»

«Nik izandako amets bati buruz egin dut nire ipuina. Amets arraro bat izan nuen; eta esnatzean, oraindik zer amestu nuen gogoratzen nuen. Beraz, ipuin bat egiteko aukera genuela esan zigutenean, nire ametsa kontatzea erabaki nuen. Ume bat da protagonista, eta bere familiakoekin kotxean dagoela, izaki arraro bat ikusten du. Jarraitu egiten die eta bidean, hainbat gauza gertatzen dira. Amaieran, umea konturatzen da guztia ametsa besterik ez dela izan»

 

GARTXOT ELIZEGI AGIRRE 
'LAPURRETA' (IPUINA)

«Umore pixka bat sartu dut»

«Lapurreta bat da nire ipuinaren gaia, eta nire ideia den arren, Netflix-eko telesailetatik abiatuta sortu dut lana. Bi lagun banketxe bat atrakatzen saiatzen dira, baina bertan daudenean konturatzen dira ez dagoela dirurik. Gainera, kontakizunean umore pixka bat sartu dut; izan ere, lapurretako baten aita da banketxera lapurrak atxilotzera joaten den polizia. Beraz, lapurra bere semea dela konturatzen denean, ez atxilotzea erabakitzen du, eta aske gelditzen dira»

 

NAIARA OYARBIDE MUGUERZA 
'SUPER LILIREN ABENTURAK' (KOMIKIA)

«Super heroia da protagonista»

«Komikia lantzea aukeratu nuen, baina normalean ez ditut egiten. Izan ere, idatzi baino, nahiago nuen marraztu. Ez nago idaztera ohituta; marraztea, berriz, gehiago gustatzen zait. Hori esanda, nire kontakizuna da gizon batek poltsa bat lapurtzen diola amona bati. Momentu horretan, Lili super heroia agertzen da komikian, eta beste lagun super heroi baten laguntzarekin, amonaren poltsa berreskuratzea lortzen dute. Pozik nago emaitzarekin eta baita sariarekin ere, ez nuen espero»

 

JUNE IRURETA GEREÑO 
'IKARA' (IPUINA)

«Familiako arazoak landu ditut»

«Familian dauden arazoak landu ditut ipuinean. Abusuak eta bestelako gai latzak ere landu ditut.  Aipatua izan naiz eta horren berri izan nuenean, poza hartu nuen. Gainera, gustura aritu naiz idazten eta esperientzia polita izan da. Bestalde, etxekoei irakurri diet liburua, eta beraiei ere gustatu zaie. Nire antzera, beraiek ere pozik daude aipamena jaso dudalako. Hurrengo urtean lan hau egin behar badugu, oraingo honetan bezalaxe, gustura hartuko dut parte»

 

AINHOA GARCIA URBIZU 
'ametsak' (OLERKIA)

«Bi ahots uztartu ditut»

«Islatu nahi nuena da askotan ametsetan bizi garela, etorkizuna begira, eta orainaldia ahazten dugula. Olerkietan, bi ahots uztartu ditut: bata etorkizunean bizi dena eta bestea, berriz, orainaldikoa. Bakoitzak gauza bat esaten du, eta hori ikusten da testuan. Zaila da poesiaren bidez nahi duzun hori kontatzea, baina joan den urtean ere olerkia aukeratu nuen, eta gustura aritu naiz modalitate honetan. Nire ustez, mezua helaraztea errazagoa da olerkiaren bidez, ipuinaren bidez baino»

 

BEÑAT OTAEGI ARRATIBEL
'HAMABIAK ETA BITAKO ORDULARIA' (IPUINA)

«Donostian dago kokatua»

«Abenturazko ipuina da. Altxor bat dago ezkutatua eta lagun talde batek pistak jarraitzea erabakitzen du, altxorra aurkitzen duen arte. Istorioa Donostian dago kokatuta eta, beraz, kontakizuna ahalik eta errealena izaten ahalegindu naiz. Hain justu, errealitatea eta fikzioa uztartu ditut. Mota horretako nobelak irakurtzea gustatzen zait, eta horietan oinarritu naiz nire kontakizuna egiteko. Nahiko erraz eta eroso aritu nintzen lanean»

 

ERIKA ZAMAKOLA ETXEBERRIA 
'nire ordua' (ipuina)

«Etorkizunean dago girotuta»

«Nire ipuina etorkizunean dago girotuta. Mundua laster bukatuko da eta protagonistek badakite ez direla luzaroan biziko. Hori ikusita, erabakitzen dute beste planeta bat bilatzea, gero horra joateko bizitzera. Espedizio bat antolatzen dute eta bertan hasten da abentura. Denboran bidaiatzen dute, zizare zuloetan sartzen direlako; eta, orduan, ikusten dute ez dagoela izaki bizidunik bertan. Nire kasuan, ipuinak amaiera itxia izatea erabaki dut»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!