Bigarren eskuko azoka antolatu dute gaurko, Joseba Barandiaran plazan. Goizez zein arratsaldez izango da, eta denetarik erosteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Goizean, 11:00etatik 14:30etara izango da; arratsaldean, berriz, 16:30etatik 19:30etara bitartean.
Arantzazuko Ama Ikastolako ikasleek, DBHko hirugarren mailakoek, egin dute materialen bilketa. Eta, gainera, beraiek arduratu dira, herriko beste hainbat talde eta elkarterekin batera, postuak antolatzeaz. Argi utzi zuten objektuek «egoera onean» egon behar dutela, saltzen den guztia egokia izateko.
Jostailuak, diskoak, eta abar
Bestalde, bilketa egin aurretik, aurreratu zuten mota askotariko produktuak emateko aukera zegoela. Besteak beste, hauexek zerrendatu zituzten, bilketa egunetarako: liburuak, pitxiak, jostailuak, kirolerako materiala, etxeko tresneria, arropa, etxeko dekoraziorako objektuak, diskoak, edota eskolako materiala.
Azoka arrakastatsua izatea espero da, aurreko azoketan ere herritarren parte hartzea altua izan zelako. Hain justu, Gazte Sortzaileen azoka izan zen apirilean, eta herritar ugari bertaratu ziren produktuak ikusi eta erostera. Denera, 20 bat postu jarri zituzten antolatzaileek, eta giro paregabeaz gozatu zuten guztiek.