Astigarragatik, 27 Poligonorako bigarren sarbidea egiten ari dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 22a, 00:00

Astigarragatik, 27 Poligonorako bigarren sarbidea egiten ari dira

Sarbideak GI-2132 errepidearekin lotuko du poligonoa. Lanek 10 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute; gastua, 6,7 milioikoa.  

27 Poligonorako sarbide berria egiteko proiektua onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den urtean, eta dagoeneko martxan daude lanak. Azaldu dutenez, «poligonoko egungo sarbideko trafikoa arintzeko» egingo dira obrak. Horrekin batera, sarbide horrek, GI-2132 errepidearekin lotuko du poligonoa, Astigarragako sarrerako errotondan. Bestalde, adierazi dutenez, lanek 10 hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute, eta gastua 6.709.300,98 eurokoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Departamentuak, ordainduko du. 

Aste honetan hasi dituzte lanak; bidea txukuntzen eta lurra prestatzen aritu dira aste honetan. Ondoren, hori amaitzean, makinak eramango dituzte eta sarbidea egiten hasiko dira. 

Bestalde, aipatu moduan, proiektu honen helburua da poligonora lotura egitea, GI-2132 errepideko 7,200 kilometroaren parean, Astigarragako sarrerako errotondatik. 

Horrela, bada, errazagoa eta zuzenagoa izango da puntu horretatik enpresa-eremura heltzea, eta alderantziz.

Gainera, aipatu moduan, Martuteneko errotondan ere trafikoa arinduko da; eta, beraz, ezusteak eta ilarak ere saihestuko dira. Horixe da, hain justu, proiektuaren jomuga nagusietako bat. Izan ere, poligonoko langileak ez ezik, beste hainbat herritarrek ere errotonda hori erabiltzen dute egunerokoan; adibidez, Garbera merkatal gunera joateko, edota Martuteneko eta Loiolako auzoetara bertaratzeko. 

Astigarragako Udalak eta Donostiako Udalak proposatutako proiektua da hauxe, eta baita poligono erabiltzaileena ere. Esan bezala, eskaera joan den urtean onartu zuen Aldundiak; eta, urtebeteren ondoren, 2022ko Aste Santuko oporren aurretik amaituta egotea espero da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!