Pornografiari buruz bi tailer, haur eta nerabeen gurasoentzat

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 20a, 00:00

'Sexualitatea 3.0' izendatu dutenari buruz ariko dira bi saioetan.

Datorren asteartean eta ostegunean izango dira, Herri Eskolako aretoan, arratsaldeko 17:30etan hasita.

Pubertaroko eta nerabezaroko pornografiari buruz, gurasoei zu­zendutako bi tailer antolatu ditu Astigarragako Udalak, datorren asterako. Asteartean eta ostegunean izango dira, maiatzaren 25ean eta 27an. Nerea Sancho Esnaolak eskainiko ditu biak, Astigarragako udal sexu eta bikote aholkularitzako arduradunak, 17:30etan hasita Herri Eskolako aretoan. Bi orduko saioak izango dira, eta horietan, arlo ezberdinak landuko dituzte.

Aurrenekoaren izenburuak, hainbat galdera planteatzen di­tu, saioan bertan landuko di­tuz­tenak: Nire seme-alabak por­nografia ikusten al du? Nola hitz egin gaiaren inguruan? Zein jarrera hartu? Zein baliabide eta estrategia erabili ditzaket? Haurrek interneterako sarbidea gero eta goizago duten honetan, gurasoen kontroletik kanpo gelditzen da pornografia eskura izatea: «ez badugu nahi pornografia izatea gure seme-alaben sexu hezitzailea, bere eraginari aurre egiteko estrategia eta baliabide eraginkorrak partekatu beharko ditugu. Sinesgarriak diren mezuak helaraztea beharrezkoa da, eta baita gure jarrera modu koherentean jakinaraztea ere. Hori konfiantzaz eta segurtasunez egiteko helduko diogu gaiari saioan, gogoeta eta elkartruke kolektiboaren bitartez», au­rreratu dute.

Osteguneko saioan, berriz, landuko dituzte Pornografiaren kontrabalioei aurre egiteko babes neurriak eta trebetasunak.

Bi saioetan, azalpen teorikoez gain, baliabide praktikoak eta eztabaida ere izango dira; eta norbere errealitateari begira jarriko dira, «datorren etapa nola bizi nahi duten irudikatuz».

 

Parte hartzeko, izenematea

Tailerrean parte hartzeko, izena eman beharko da aldez aurretik: alkatetza@astigarraga.eus helbidera idatzi behar da, mezuaren ga­ian Pornoa DBH adierazita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!