Saio irekia bihar herritarrekin, Aldundiak A1 eta A2 autobusei buruz egin duen proposamena aztertzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 19a, 00:00

Hainbat aldaketa proposatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, bi linea horietan; besteak beste, A1 ordubetero izatea, eta A2 20 minuturo. Horiei buruzko ekarpenak bilduko dituzte bihar, 18:30etan hasita Herri Eskolako aretoan.

Uztailaren 1ean hasiko da Buruntzaldeko bidaiarien hiriarteko garraio zerbitzu publiko erregular berria, Gipuzkoako Foru Aldundiak Astigarragako Udalari jakinarazi dionez; eta horren baitan, hainbat aldaketa iragarri ditu, A1 eta A2 lineetan.

Horien inguruko proposamena landu du Aldundiak, maiztasuna edota geltokiak egokituta; eta aukera batzuk planteatu dizkio Udalari, horri buruzko gogoeta egin dezan, eta Aldundiari helarazi. Eta horretarako, saio irekia deitu du Udalak, astigartarrekin, proposamena azaldu, aztertu eta ekarpenak egiteko.

Bihar arratsaldean izango da hori, 18:30etan hasita, Herri Eskolako aretoan. Interesa duten guztiei luzatu diete gonbitea, bertaratu eta parte hartzeko.

A1 linea ordubetero eta A2 linea 20 minuturo; eta ibilbide eta geltokietan aldaketak

Aldundiak azaldu duenez, Buruntzaldeko zerbitzu-eskaintza bukatzen ari da une honetan, eta zenbait aldaketa planteatu ditu bertan, «A1 eta A2 lineetako egungo zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen kexak edota erreklamazioak ikusita». Hori horrela, hiru aukera posible proposatu dituzte.

Aurreneko aukera da, A1 linearen maiztasuna murriztea, eta ordu erdiro izan beharrean, ordubetero izatea autobusa. A2 autobusaren kasuan, berriz, kon­trakoa da proposatu dutena, maiztasuna haunditzea: au­tobusa 30 minuturo pasa be­ha­rrean, 20 minuturo igaroko litzateke Astigarragatik.

Bigarren aukera, berriz, ibilbidearen eta geltokien aldaketari dagokio. Horrek A1 lineari eragingo lioke, «ibilbide denbora murrizteko». Autobusa herrigunera sartzea saihestu nahi dute, Astigarragan A2 linearen ibilbide bera eginez. Hori horrela, honako geltokiak geratuko lirateke bertan behera: Donostiarako no­ranzkoan, Pelotari kalekoa, eta Galtzaur kaleko 8 eta 24 atarien parekoak; eta Hernanirako norazkoan, berriz, Pelotari kalekoa eta Kale Nagusikoa. Gainera, Donostiara sartzeko ibilbidea ere aldatuko litzateke: Loiolako topoko geralekutik, egingo lirateke Loiolako erriberetakoa, Madril etorbideko 3koa eta Antso Jakituna 33koa, Okendoko geltokiraino. Horrela, bertan behera geratuko lirateke beste hauek: Bartzelona 35koa eta 15ekoa, Gre­gorio Ordoñezekoa, eta Madril etorbideko 19koa.

Eta Aldundiak planteatu du­en hirugarren aukera da, aurreko biak batera aplikatzea; ale­gia, A1 eta A2 lineen maiztasu­na aldatzea, eta A1 linearen ibilbidea eta geltokiak aldatzea. Horrela, lortu nahi dute «A1 linearen ibilbide denbora murriztea, erakargarriagoa izan dadin, eta A2 linearekin lehiakorragoa, era­biltzaile gehienek ahalik eta zerbitzu zuzenenak bilatzen baitituzte», azaldu dutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!