Museoen Nazioarteko Eguna da gaur, eta mundu mailan ospatuko dute, Museoen etorkizuna: berreskuratu eta berrasmatu lelopean. Nazioarteko ospakizunarekin bat egin du Astigarragako Sagardoetxeak, eta hori horrela, museora sarrera doakoa izango da gaur.
Gainera, museoko nobedade batez gozatzeko aukera ere izango dute, Sagardoetxeara gerturatzen direnek: bisitak norbere telefono mugikorrarekin egiteko aukera jarri dute martxan, eta sagarraren zein sagardoaren kulturako edukiak modu interaktiboan ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, NFC edo QR kodeen irakurgailuak erabilita. Azken batean, bertaratuek «bisita auto-gidatua» egin ahal izango dute, eta «sarrera izango dute bideo, audio, testu eta argazki anitzetara, museoko puntu ezberdinetan aurkituko dituzten irakurgailuetatik», jakinarazi dutenez. Eduki horiek, gainera, hizkuntza ezberdinetan kontsultatu ditzakete: euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez edota japonieraz.
Hori horrela, eguna beraiekin batera ospatu, eta museora gerturatzeko gonbitea luzatu die Sagardoetxeak, herritar guztiei. Goizez zein arratsaldez izango da bisita egiteko aukera. Goizean, 11:00etatik 13:30etara egongo da zabalik; eta arratsaldean, berriz, 16:00etatik 19:30etara.
Sagardoetxearen etorkizunari buruz, saio irekia bihar
Hausnarketa prozesua burutzen ari da Astigarragako Udala, Sagardoetxearen etorkizunari buruz; eta dagoeneko burutu ditu aurreneko saioak, herriko eragile, elkarte eta norbanakoekin. Aurreneko saioan, jorratu zuten Sagardoetxearen 15 urteko bilakaera eta gaur egungo egoera, ohiko jarduera zein sagarraren eta sagardoaren kultura sustatu eta hedatzeko ekimenak aditzera emanez. Eta bigarrenean, berriz, landu zituzten Sagardoetxearen etorkizuneko eszenatoki ezberdinak. Bertan, ezinbesteko elementu gisa identifikatu zuten, «herrian errotutako ekimen bat izatea, eta sagastiak izateak duen balio erantsia».
Orain, kontraste saioak antolatu dituzte, herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko asmoz. Bihar izango dira, eta bi txandatan egingo dituzte, Erriberan: goizeko 11:00etan aurrenekoa, eta arratsaldeko 18:00etan bigarrena. Parte hartzeko, izena eman behar da, emailez: alkatetza@astigarraga.eus.