«Zuen lana hor dago gure jan-edanaren emaitzan, horren beharra izango dugu zementuak jan ez gaitzan»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 18a, 00:00

Astigar taldeko dantzarietako bat, omendutako zortzi baserritarrei aurreskua eskaintzen, San Isidro eguneko ekitaldian.

Omenaldi xumea bezain goxoa egin zieten, San Isidro egunez, Astigarragako zortzi baserritarri: Juani Otaño, Manu Zulaika, Mari Karmen Zipitria, Ander Altuna, Begoña Arbelaiz, Mikel Irizar, Koro Zabalegi eta Jose Antonio Zubillaga.

Ohiko festarik gabe, baina ospatu egin zuten San Isidro eguna, larunbatean, Astigarragan. Hamarretako mezari segida emanez, Foru Plazan elkartu ziren, eta udaletxeko arkupeetan egin zuten ekitaldi xumea.

Esker oneko hitz goxoak eskaini zizkieten Goldea Elkarteko Antton Arkak eta Xabier Urdangarin alkateak, herriko baserritar guztiei; eta bereziki aurten omendu dituzten zortziei: Larrabideko Juani Otaño, Bordatxoko Manu Zulaika, Lagatxagako Mari Karmen Zipitria, Etxeluzeko Ander Altuna, Guardiko Begoña Arbelaiz, Lizardiko Mikel Irizar, Oiarbideko Koro Zabalegi eta Ermañako Jose Antonio Zubillaga. Mikel Lertxundi eskultoreak egindako eskultura bana eman zieten, baserriari buruz egindakoa; eta aurreskua dantzatu zien ondoren, Astigar taldeko dantzari batek. Ez zuten huts egin Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek ere, Astigarragako San Isidron; eta bertso bana eskaini zieten zortzi omenduei. Horrela zioen, esaterako, Egañak Mari Karmen Zipitriari eskaini zion bertsoak:

 

Mari Karmenek makina bat lan

egingo zuen bai Latxan

txikitatikan nagusitu arte

bere inguruan zaintzan.

Ta zure lana hor dago gure

jan-edanaren emaitzan,

horren beharra izango degu

zementuak jan ez gaitzan.

Lizasok, berriz, beste hau eskaini zion, Koro Zabalegiri:

 

Ta Korok ere Oiarbideri

atera hainbat etekin

bere aitaren babesarekin

neska koxkorretan ekin.

Sagardotegi edo baserri

bitan lana gogor egin,

ta hori dena guztiak hartuz

irripar goxo batekin.

 

Gainera, zortzi baserritarren mezue­kin, murala osatu dute, eta ikusgai dago Foru Plazan bertan. Bi astez egongo da bertan, eta ondoren, plazaz plaza mugituko dute, datozen hilabeteotan, baserritarren ahotsa eta baloreak herrian zabaltzeko eta gizarteratzeko asmoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!