Garraio Zentro Integrala urrian martxan egotea espero da

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 16a, 00:00

Astigarragan dagoen  plataforma segurtasunaren eta konektibitatearen arloko teknologia eta kalitate estandar gorenekin gauzatzen ari da.

Astigarragako  Garraioaren Zentro Integrala egiteko lanak, AP-8tik doazen garraiolarientzako azpiegitura, aurrera «erritmo onean» doaz, diote Gipuzkoako Aldunditik. Lanek azken faseari ekingo diote, eta aurreikusten da exekuzio-obra guztiak urriaren hasierarako amaituta egongo direla. Une horretan, kamioilariak sartu ahal izango dira, eta probaldia edo martxa zuria hasiko dute, zerbitzu guztiek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko eta Urrezko kalitatea homologatzeko izapideak egiteko. 


«Bi plataformak, Astigarragakoa zein Oiartzungoa, Europar Batasunaren eskakizunen arabera eta segurtasun eta konektibitate arloko estandar teknologiko gorenekin gauzatzen ari dira», gogorarazi zuen Markel Olano ahaldun nagusiak.


Garraioaren Zentro Integralaren helburua Europako ardatz atlantikoko garraio-azpiegitura hobetzen eta zaintzen laguntzea da, aparkaleku eremu seguruak, babestuak eta Garraio Adimenduneko Sistemekin (ITS) konektatuak eskainiz. Horietan, garraiolariek eta haien ibilgailu astunek aparkaleku-gune egokiak eta seguruak dituzte, zerbitzu eta atseden-instalazio modernoekin konbinatuta. «Pandemiak, besteak beste, salgaien eta elikagaien etengabeko fluxua bermatzearen garrantzia erakutsi digu, eta testuinguru horretan, beharrezkoa da haien beharrei erantzungo dieten aparkalekuak eskaintzea: jatetxeak, higienea, konektibitatea eta erregai-hornidura», azpimarratu zuen Olanok.


Era berean, horrelako inbertsio batekin, ahaldun nagusiak adierazi duenez, Aldundiak «ekonomia suspertzen du». Gipuzkoako ekonomia-sarea babesteko eta eraldatzeko Ekonomia Indartuz Planean jasotako bide-azpiegituretan egindako inbertsioetako bat da CITa, bai eta 27 poligonoa bigarren ingurabidearekin eta Urumeako autobiarekin lotzea.


17 milioi baino gehiagoko inbertsioa guztira
Une honetan, Astigarragako plataforman, 7,2 milioi euroko inbertsioa beharko duen eraikuntzaren urbanizazio lanak amaitzen ari dira. Urtebete baino gehiagoko lanen ondoren, urbanizazio-lanak ia amaituta daude: lurra berdintzea, drainatze-sistemak, euri-uren sarea, ur-harguneen sarea eta hodi elektrikoak jartzea. Halaber, Oiartzungo plataforma, 2,9 milioiko aurrekontuarekin, bigarren fasean sartu da. 


Bi eremu hauetan, super egitura delakoa forma hartzen ari da, Aldundiak dioenez. Bertan sartzen dira segurtasun-sistema, bideo-zaintzako instalazioak, suteen aurkako hidranteen sarea, megafonia, wi-fi, argiztapena eta sare orokorretik korrontea eroriz gero energia-autonomia ahalbidetuko duten talde elektrogenoen instalazioa. Atal honek 4,1 milioi euroko aurrekontua du. Halaber, ustiapen zerbitzuaren emakidaduna Astigarragako zerbitzu eraikin berria eraikitzen ari da.


Astigarraga–Oiartzun CIT azpiegiturak, guztira, 17 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!