Aurrekontu partehartzaileetan proposamena aurkezteko aukera, etzitik

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 15a, 00:00

Esti Neira eta Xabier Urdangarin, atzoko prentsaurrekoan.

110.000 euroko aurrekontua dago. Hilaren 17tik 30era bitartean egongo da parte hartzeko aukera. 

Atzo aurkeztu zituzten Xabier Urdangarin alkateak eta Esti Neirak, udaletxean, 2021eko aurrekontu partehartzaileeak. Aurten, 111.000 euroko aurrekontua dago, herritarrek aurkeztutako proiektuetan erabiltzeko. Maiatzaren 17tik, datorren astelehenetik, hilaren 30era izango da proposamenak egiteko aukera. Hiru bide egongo dira horretarako: herriko hainbat txokotan jarriko dituzten postontzietan, Udaleko webgunean, edota proposamena alkatetzara bidalita.

Aurreko urteetan, ekimen honi esker, hainbat proiektu gauzatu ahal izan dira herrian. Besteak beste, Herri Eskolako jolastokiaren aterpea, zahar egoitzako berritze-lanak, pumptruck pista edota Andre Gobadarien ibai parkean bestelako berrikuntzak. Hain justu, duela gutxi ireki berri dute bizikletan eta patinetean ibiltzeko pumptruck pista, eta arrakasta haundia izan du. Horrez gain, Andre Gobadarien parkeari dagokionez, Urdangarinek azaldu zuen orain arte mahaien eremua jarri dela eta, gainera, ormigoia ere jarri dutela. Hurrengo pausuak, berriz,  parkean adineko herritarrentzako proiektua egitea dira, eta baita txakurrentzako eremua prestatzea ere.


Prozesuak, 4 fase
Udalak adierazi duenez, herritarren parte hartzea «ezinbestekoa» da. Hain justu ere, astigartarren esku izango dira hainbat erabaki, beraiek izango baitute proposamenak egiteko aukera.

Horrez gain, prozesuak, denera, 4 fase izango ditu. Lehenengoa, maiatzaren 17tik 30era bitartean izango da. Egun horietan guztietan, proposamenak egiteko tartea izango da. Egin behar dena da eskuorrian proposamena idatzi eta bidali. Horretarako, aipatu moduan, hiru bide daude.  Alde batetik, herriko hainbat eraikinetan dauden postontzietara botatzea (udaletxean, kiroldegian, eskolan, anbulatorioan, Erriberan, Gaztelekuan, Haur Eskolan eta AEKn). Edo, bestela, kalean dauden postontzietara ere bota daitezke eskuorriak (Kontxa Etxeberria plazan, Jose Barandiaran plazan, Errekatxo Enparantzan, Ergobi Plazatxoan eta Norberto Almandoz plazan).

Beste alde batetik, aukera dago ere astigarraga.eus webguneko formularioa betetzeko. Edo, azkenik, proposamena bidali daiteke alkatetzea@astigarraga.eus helbidera.

Bigarren fasean, berriz, udal teknikariek proposamenen bideragarritasuna baloratuko dute. «Batzuetan, dagoeneko martxan dauden proiektuak eskatzen dira; edo, beste batzuetan, gure eskumena ez diren proposamenak ere egiten dira», azaldu zuen atzo, Urdangarinek. Ondoren, hirugarren fasean, proposamen finalistak aukeratuko dira. «Zehaztuta ditugunean, webgunean horren guztiaren berri emango dugu, proposamen bakoitza zehatzago azaltzeko», adierazi zuten prentsaurrekoan. 


Bozketa, abuztuan edo irailean

Azkenik, laugarren fasea izango da, herritar guztien artean, azken fasera heldu diren proiektuen artean bozketa egitea. Atzo aurreratu zutenez, abuztuan edo irailean egingo da; hain justu, gainerako faseak amaitzen direnean.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!