Gaur ekingo diote esku pelotari astigartarrek, denboraldiko txapelketa garrantzitsuenetako bati; Herriarteko Txapelketari. Eta oso helburu erakargarriarekin ekingo diote, gainera: 2019an lortutako txapela defendatuko du Astigarragak, joan den urtean bertan behera geratu baitzen torneoa, pandemiagatik.
Final zortzirenetan ekingo diote astigartarrek, eta Bergara izango dute kontrario. Joaneko hiru partiduak jokatuko dituzte gaur, Bergaran, arratsaldeko 18:30etan hasita. Kategoria bakoitzeko izango da partidu bana: kadeteak aurrena, jubenilak ondoren, eta nagusiak azkenik.
Duela bi urteko balentriaren ondoren, eta Gipuzkoako lau t'erdikoan lortu berri dituzten hiru txapelekin, konfiantzaz gainezka ekingo diote astigartarrek bideari.