Bigarren eskuko azoka bihar, DBHko ikasleek

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 14a, 00:00

Joseba Barandiaran plazan jarriko dituzte postuak. Goizean, 11:00etatik 14:00etara; eta arratsaldean, 16:30etatik 19:30etara. 

Maiatzeko kultur agendaren baitan, bigarren eskuko azoka izango da bihar, Joseba Barandiaran plazan. Arantzazuko Ama Ikastolako hirugarren DBHko ikasleek antolatu dute, eta denetarik erosteko aukera izango da goizean zein arratsaldean. Hain justu, 11:00etan jarriko dituzte postu guztiak, eta 14:00arte izango dira ikusgai goizean; arratsaldean berriz, 16:30etatik 19:30etara bitartean izango dira, leku berean.

Produktuak salgai jarriko dituzten herritarrek,  aldez aurretik eraman zituzten saltzekoak antolatzaileengana. Maiatzaren 3tik 6ra egin zuten bilketa. 

Egun berezia, astigartarrentzat
Horrekin batera, egun berezia izango da biharkoa herritarrentzat. Izan ere, San Isidro jaia ospatuko dute. Goizean, prozesioa izango da 09:45etan, Foru Plazan. Gero, segidan, Baserritarron lagun ekitaldia izango da, baserritarrak omentzeko asmoz. Bertan, zortzi baserritarren mezuak irakurriko dituzte, eta, ondoren, ohorezko aurreskua dantzatuko diete Astigarragako baserritarrei. Gainera, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak ere bertan izango dira, saio laburra eskaintzeko. Azkenik, 10:30etan, urteroko meza izango da, ohi moduan, Foru plazan.

Beraz, bigarren eskuko azoka ez ezik, bestelako egitekoak ere izango dituzte astigartarrek, San Isidro egunean.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!