Aurten bai, San Isidro eguna ospatuko da Astigarragan, etzi, larunbatean. Astigartarrentzat eta, orokorrean, baserritarrentzat, egun haundia izaten da eta nahiz eta ez den urte normal batean bezala ospatuko, antolatuko dira ekitaldiak.
Pandemia tarteko, astigartarrek ezin izan zuten ospatu San Isidro eguna, baserritarren eguna, joan den urtean. Eta aurtengoari ere nabarmen eragingo dio, ez baita ohiko prozesiorik izango, ezta bestelako ekintza jendetsurik ere. Baina ez dute bigarrenez hutsean utzi nahi izan, eta ospakizun xumea bezain berezia prestatu du Goldea Elkarteak.
Horrela, goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, mezarekin. Ondoren, Foru Plazan egingo dute eguneko ekitaldi nagusia: baserritarrei omenaldia egingo diete eta bertso saioa eskainiko dute Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak. Horrela, nahi izan dute «herriko plaza berreskuratu, festarako gune natural gisa».
'Baserritarron laguna' ekimen publiko-soziala abiaraziko da
Ospakizun horrekin, bestalde, abiarazi eta gizarteratu nahi dute Baserritarron laguna ekimen publiko-soziala, «baserria sustatu eta baserriko lana aitortzeko». Horretarako, zortzi baserritarrek hartu dute parte ekimenean, eta haien «eguneroko jarduerak eta mezu emankorrak» eman dituzte aditzera, muralen bitartez. Mural horiek, herriko hainbat plazatan jarriko dituzte datozen hilabeteetan, «baserrian hain sustraituta dauden nortasun-ezaugarriak zabaltzeko», jakinarazi dutenez.
Horregatik, San Isidro egunean, «zortzi baserri horietako parte hartzaileek jasoko dute merezitako aintzatespena, Udalaren eta Goldea Elkartearen eskutik».
Ohorezko aurreskua dantzatuko diete, eta Mikel Lertxundik egindako eskultura emango diete, eskultoreak baserriari buruz egindakoa.