'Energia Argitu' programaren baitan on-line tailerra dago dirua aurrezteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 11a, 00:00

Ostegunean 18:00etan etxebizitzetan birgaitze energetikoa sustatzera eta herritarren bizi-kalitatea hobetzera zuzenduta dago.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Astigarragako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetan birgaitze energetikoa sustatzera eta bide batez, herritarren bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako On-line tailerra antolatu du etzi ostegunean, 18:00etan.


Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko izeneko tailerraren helburua bizitegirako diren eraikinen birgaitzea aurrera eramateko orduan herritarrei energia-eraginkortasunarekin zerikusia duten irizpideak eta ezagutzak eskura jartzea da, beti ere, modu erraz eta ulerkorrean.


Bertan bizi diren familiek osasunean irabaziko dute: hezetasunak kontrolatuko dira kondentsazioak saihestuz eta ondorioz, patologiak ekidinez.

Aurretik izena eman behar da
Tailer honetan parte hartu nahi dutenek, aurretik izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik saiorako sarbidea ematea. Izena emateko, ondorengo helbidera idatzi behar da: argitu@gipuzkoa.eus edo 943 11 29 48/605 75 76 87 zenbakietara deitu behar da. Internetera sarrera izatearekin nahikoa da, ez da programarik deskargatu behar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!