Herriko haur zein gazteentzako, aisialdi eskaintza zabala antolatu dute udararako

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 10a, 00:00

Egiteko ugari izango dira udaran: Jolas Txiki, udaleku irekiak, sormen tailerrak, multikirola, gaztelekuko eskaintza, musika udalekua, ikastaroak eta egonaldia. Udaleku irekietarako eta egonaldirako izenematea gaur irekiko da.

Haurrentzat eta gazteentzat aisialdi eskaintza zabala eskainiko da udaran: Jolas Txiki, udaleku irekiak, sormen tailerrak, multikirola, gaztelekuko eskaintza, musika udalekua, ikastaroak eta egonaldia izango dituzte astigartarrek. Udalak informazioa argitaratu berri du, eta egitasmo bakoitzerako izenemateak laster irekiko dira. Horren bueltan, ekintza bakoitzean izena emateko epea ezberdina da eta, beraz, parte hartu nahi dutenek adi egon beharko dute, izena zein egunetan eman behar duten jakiteko.

Horrekin batera, ekintzak ekainean, uztailean, abuztuan zein irailean egingo dira. Gainera, jarduera bakoitzean izena eman dezakete adin tarte zehatz bateko umeek eta gazteek. 


Udaleku irekietarako izenematea zabalik, gaurtik

Aipatu moduan, aisialdiko aukera zabala izango dute astigartarrek datozen hilabeteetarako. Jolas txiki izeneko egitasmoan, esaterako, jolas didaktikoak eta hezitzaileak eta psikomotrizitate ariketak egingo dituzte, eta gorputz adierazpena landuko dute. Halaber, 3 eta 5 urteko bitarteko haurrentzat izango da, 09:00etatik 13:00etara. Sei txanda izango dira: ekainaren 21etik uztailaren 2ra; uztailaren 5etik 16ra; uztailaren 19tik 30era; abuztuaren 2tik 13ra; abuztuaren 16tik 27ra; eta, azkenik, abuztuaren 30etik irailaren 3ra. Izenematea maiatzaren 17tik 21era bitartean izango da, kiroldegian.

Bestalde, urtero moduan, aurten ere udaleku irekiak egingo dira.  Parte-hartzaileek jolasak, eskulanak eta irteerak egingo dituzte, Astigarragako eta inguruko herriak ezagutzeko. Kasu honetan, 4 eta 12 urte bitarteko haur zein gazteentzat daude bideratuta, eta ordutegia hauxe izango da: 09:30etatik 13:30etara (17:00ak arte irteera egunetan); 08:00etatik 09:30etara zaintza zerbitzua; 13:30etatik 15:30etara jangela zerbitzua. Horrekin batera, hemen ere bost txanda egingo dira: ekainaren 21etik uztailaren 2ra; uztailaren 5etik 16ra; uztailaren 19tik 30era; abuztuaren 2tik 13ra; eta abuztuaren 16tik 27ra. Izena emateko epea gaur zabalduko da, eta hilaren 14ra arte egongo da horretarako aukera: online eta Erriberan (16:00etatik 20:00etara). 

Musika, multikirola, sormena, eta beste asko
Aipatutakoez gain, beste makina bat aukera ere egongo dira. Musika Udalekuetan, musika-jolasak,  eskulanak, kantuak eta psikomotrizitate ariketak egingo dituzte, eta gorputz adierazpena ere landuko dute. Gainera, instrumentuak joko dituzte eta irteerak egingo dituzte herrian zehar. 4 eta 11 urte bitarteko haurrentzako udalekuak dira, eta goizez arituko dira, 09:30etatik 13:30etara. Bi txanda egingo dira: ekainaren 21etik uztailaren 2ra eta uztailaren 5etik 16ra. Izena emateko aukera maiatzaren 26an, 27an (10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara) eta 28an izango da (10:00etatik 13:00etara), musika eskolan.

Bestalde, multikirola egiteko aukera ere izango da. Hainbat kirol ezagutu eta praktikatuko dituzte; besteak beste, boleibola, saskibaloia, eskubaloia, futbola eta igeriketa. 6 eta 12 urteko bitarteko herritarrentzat dago zuzenduta, eta goizez izango da, 09:00etatik 13:00etara. Ekintza hauetarako ere sei txanda aurreikusi dituzte: ekainaren 21etik uztailaren 2ra; uztailaren 5etik 16ra; uztailaren 19tik 30era; abuztuaren 2tik 13ra; abuztuaren 16tik 27ra; eta abuztuaren 30etik irailaren 3ra. Izenematea maiatzaren 17tik 21era bitartean izango da, kiroldegian.
Sormen tailerrari dagokionez, dantza, eskulanak, musika eta beste hainbat ekintza egingo dituzte. 12 eta 14 urte bitarteko gazteentzako saioak dira, eta txanda bakarra egingo da: abuztuaren 2tik 27ra. Kasu honetan,  bi ordutegi izango dira: lehena, 10:00etatik 11:30etara; eta bigarrena, berriz, 11:45etatik 13:15etara. Izenematea uztailaren 5etik 23ra izango da, Erriberan.

Kiroldegiko ikastaroak ere izango dira, haurrentzako eta gazteentzako. Aerogym, zumba, jump fit, ziklo, bungee air fit, pump truck eta igeriketa. Ikastaro bakoitzean parte hartu dezaketen herritarren adin tartea ezberdina da, eta baita ordutegia ere. Udalaren webgunean egin daiteke kontsulta, astigarraga.eus. Izena emateko epea ekainaren 7tik 11era bitartean izango da.

Azkenik, Gaztelekuak ere antolatu ditu ekintzak. 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako saioak dira, eta ekainaren 21etik uztailaren 24ra bitartean egingo dira. Ordutegia, oraingo honetan ere, goizez izango da, 10:30etatik 13:30etara. Salbuespena izango dira irteera egunak, horietan beranduago amaituko baitituzte egitekoak.  


Lesakan, egonaldia

Zerrendatutakoa gutxi balitz, egonaldia ere antolatu dute. Lesakan izango da, ekainaren 27tik uztailaren 1era. Izenematea gaur irekiko da, eta maiatzaren 14a izango da inskripzioa egiteko azkeneko eguna. Online edo Erriberan egin daiteke. Informazio gehiago nahi izanez gero, info@xaguxar.eus helbidera idatzi daiteke, eta bertan argituko dituzte zalantza guztiak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!