San Isidro egunez, ospakizun berezia antolatu dute datorren larunbaterako

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 8a, 00:00

Baserriari eta baserriko lanari aitortza egingo diete, San Isidro egunez.

Meza, baserritarrei omenaldia eta bertsolarien saioa izango dira, goizeko 10:00etan hasita.

Pandemia tarteko, astigartarrek ezin izan zuten ospatu San Isidro eguna, baserritarren eguna, joan den urtean. Eta aurtengoari ere nabarmen eragingo dio, ez baita ohiko prozesiorik izango, ezta bestelako ekintza jendetsurik ere. Baina ez dute bigarrenez hutsean utzi nahi izan, eta ospakizun xumea bezain berezia prestatu du Goldea Elkarteak.

Horrela, datorren larunbate­an, goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, mezarekin. Ondoren, Foru Plazan egingo dute eguneko ekitaldi nagusia: baserritarrei omenaldia egingo diete, eta bertso saioa eskainiko dute Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak. Horrela, nahi izan dute «herriko plaza berreskuratu, festarako gu­­ne natural gisa».

Ospakizun horrekin, bestal­de, abiarazi eta gizarteratu nahi dute Baserritarron laguna ekimen publiko-soziala, «baserria sustatu eta baserriko lana aitortzeko». Horretarako, zortzi baserritarrek hartu dute parte ekimenean, eta haien «eguneroko jarduerak eta mezu emankorrak» eman dituzte aditzera, muralen bitartez. Mural horiek, herriko hainbat plazatan jarriko dituzte, datozen hilabeteetan, «baserrian hain sustraituta dauden nortasun-ezaugarriak za­baltzeko», jakinarazi dutenez.

Horregatik, San Isidro egunean, «zortzi baserri horietako partehartzaileek jasoko dute me­rezitako aintzatespena, Udalaren eta Goldea Elkartearen es­kutik». Ohorezko aurreskua dantzatuko diete, eta Mikel Lertxundik egindako eskultura emango diete, eskultoreak baserriari buruz egindakoa.

San Isidro egunekoa izango da aurtengo aurreneko jarduera Goldearentzat, bere 30garren urteurrenean. Bere ibilbidean 250 jarduera baino gehiago antolatu ditu, eta aurten, besteak beste, Gipuzkoako aizkolarien txapelketaren finala antolatuko dute, Santa Ana egunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!