A-15etik Astigarragara sartzeko bidea itxita egongo da asteburu osoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 8a, 00:00

Dilatazio junta bat konpontzen ariko dira, A-15 gaineko errotondatik herrigunerako bidean, gaur goizeko 06:00etatik asteleheneko 07:00etara.

Dilatazio junta bat konpontzeko lanak egingo dituzte asteburu honetan, A-15 errepidetik Astigarragara sartzeko bidean, GI-41-0 lotunean; A-15aren gaineko errotondatik, Bidebitarte poligonoaren ondoko errotondara doan bide zatian, alegia.

Hori horrela, bidea itxita egongo da asteburu osoan zehar, gaur goizeko 06:00etan hasi, eta asteleheneko 07:00ak arte. A-15 errepidetik Astigarragara iristeko, bestelako aukerak baliatu beharko dituzte herritarrek. Andoaindik etorriz gero, Zikuñagako errotondan atera daitezke, eta Akarregi poligonotik eta Martindegi eta Ergobiatik barrena iritsi herrira. Donostiatik etorriz gero, berriz, Martindegi parean hartu dezakete irteera, eta aurreko bide berbera osatu gero; edo bestela, lehenago 27 poligonoko irteera hartu, eta Martutenen barrena iritsi.

Autobusei dagokienean, Lurraldebusek jakinarazi du bide mozketa izan arren, horrek ez duela eraginik izango A2 autobus linean, erabiltzaileentzat: parada guztiak berdin mantenduko dira, asteburuan ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!