«Itxaropenez hartu ditugu batzordekideen hitzak, baina lanean jarraitu behar dugu»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 7a, 00:00
Quiroga, Zabalegi, Mier eta Urdangarin, astelehenean Eusko Legebiltzarrean.

Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin zuten agerraldia, Astigarragako Udaleko eta DBH Orain plataformako kideek, astelehenean. Ikastetxea eraikitzeko premiarekin ados agertu ziren batzordekide guztiak, jakinarazi dutenez.

Eusko Legebiltzarrera eraman zuten Astigarragako DBH ikastetxearen gaia, joan den astelehenean, Udaleko eta DBH Orain plataformako ordezkariek. Agerraldia egin zuten bertan, Hezkuntza Batzordean; eta eskatu zioten azkartu ditzala ikastetxea eraikitzeko urratsak.

Lau lagun bertaratu ziren Astigarragatik: Lorena Miner eta Roberto Quiroga, plataforma­ko kideak; Roxali Fernandez hezkuntza zinegotzia; eta Xabier Ur­dangarin alkatea. Aditzera eman zuten herriak azkeneko 20 urteotan izan duen bilakaera eta hazkunde demografikoa, horrek hezkuntza arloko azpiegituretan eskatzen duen ahalegina, DBH ikastera ondoko herrietara doazen astigartarren kopurua (301), DBHren aldeko mugimenduak burututako ekimenak... Eta baita aurreko bi hilabeteotan bildu diren 1.800 sinadurak ere, «Astigarragako familia eta herritarren nahiaren erakusle».

Horren aurrean, batzordekideak ados azaldu ziren, herrian DBHko ikastetxe bat eraikitzeko premiarekin, eta orubearen lagapenerako prozedura hasi eta proiektua lantzeko urratsak ematearekin. «Aipatu zuten zailena eginda dagoela, eta Hezkuntza Sailaren egitekoa dela urratsez urrats joatea», jakinarazi dute lau astigartarrek. Era berean, proiektua Hezkuntza Sailaren 2019-2023ko inbertsioen plangintzan sartzeari buruz, batzuek azaldu zuten zailtasunak sortu daitezkeela horretarako, eta beste batzuek, badaudela mekanismoak hori egin ahal izateko. «Oro har, laguntza emateko prest daudela adierazi zuten, DBH ikastetxea errealitate bilakatzeko».

Agerraldia bukatuta, «balorazio ona» egin zuten Udalak eta plataformak, «batzordeko talde guztiek berretsi dutelako ikastetxea eraikitzeko erabakia eta premia, eta borondate argia erakutsi dutelako bere laguntza emateko. Itxaropenez hartu ditugu batzordekideen hitzak, baina lanean jarraitu behar dugu, urrats guztiak etenik gabe egiteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!