Sagardoetxearen etorkizunari buruzko bigarren saioa izango da gaur, kultur etxe zaharrean

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 6a, 00:00

Arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua, eta saio honetan etorkizuneko aukerak zehazten hasiko da Hausnarketa Taldea. 

Sagardoetxeak hamabost urte bete ditu aurten. Ilusio haundiz ireki zituen ateak 2006ko irailean, eta orduztik makina bat ekintza egin dira bertan. Hori ez ezik, museoa ezagutzera bertaratu diren herritarrak ere asko izan dira. Sagastia eta museoa ezagutzeko aukera izan dute, eta bete-betean murgildu dira sagardoaren munduan. Sagardoetxekoek, gainera, goxotasunez egin die harrera haiena ezagutzera joan direnei, txoko hori baita beraien pasioa. Hain justu, bisita bakoitza berezia eta bakarra izatea nahi izan dute, eta horrexegatik egin dituzte banakakoak, taldekoak edota familiakoak, besteak beste.

Horren bueltan, urte hauetako guztietako hazkundea kontuan hartuta, Sagardoetxearen kudeaketan parte hartzen dutenek haren bilakaeraz hausnartzeko «beharra» ikusi dute. «Bidegurutze batean gaudela uste dugu, izan ere, aukera ezerdinak ditugu aurrez aurre etorkizunari begira: bide beretsutik jarraitu, bestelako gune bat planteatu beste eragile eta administrazio batzuekin, eta abar», azaldu dute.

Prozesuak, hiru urrats

Gaiaz hausnartzeko eta erabakiak hartzeko, hiru urrats nagusi emango dituzte. Lehenik, joan den hilean egindako Sagardoetxeari buruzko gogoeta eta diagnostikoa; bigarrenik, gaurkoan,  etorkizuneko aukerak definitu eta galdeketa prestatuko dute; eta, azkenik, erabakiak hartuko dituzte, herri galdeketaren bidez.

Aurrez aipatu moduan, kultur etxe zaharreko aretoan izango da gaurko bilera, arratsaldeko 18:00etan hasita. Helburu «garbia» dute: «etorkizuneko aukerak aztertzea».

Horrez gain, parte hartze prozesu honi buruzko informazioa Udalaren webgunean dago eskuragarri: astigarraga.eus/eu/parte-hartu.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!