Martxan da Pump Track pista Arrobitxulo auzoan, 'skate' edo bizikletekin ibiltzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 2a, 00:00

Dozenaka haur, gazte eta helduk gozatu zuten pista berriaz, atzo arratsaldean.

Bi ibilbide dauzka, zailtasun eta luzera ezberdinekoak; eta zabalik dago 09:00etatik 22:00etara, egunero. Maiatzean eta ekainean, ikastaroak eskainiko dituzte 9 urtetik gorako gaztetxoentzat, oinarrizko teknikak lantzeko.

Gurpil gainean ibiltzea gustuko dutenek, jolaserako gune berri bat daukate Astigarragan. Izan ere, martxan da Pump Track pis­ta, Arrobitxulo auzoan, skate edo bizikletekin ibiltzeko. Goizeko 09:00etatik gaueko 22:00etara egongo da erabilgarri, nahi du­ten guztientzat.

Ibilbide gorabeheratsua eta kurba ugari dauzkan pista bat da Pump Tracka, eta zirkuitua osatu daiteke skate gainean oinarekin bultzatu gabe, edota bi­zikletarekin pedalei eragin ga­be: inertziaz, jauzi eta peralteak baliatuz eta norberak bere abileziarekin egiten du aurrera.

Arrobitxulon jarri dutena, Euskal Herriko Pump Track pista haundienetakoa da. Guztira, 1.200 metro karratuko azalera dauka, eta bi pista: zirkuitu txikia da bat, maila errazekoa eta 50 metroko luzera duena; eta zirkuitu haundia bestea, maila ertaina edo aurreratua daukaten erabiltzaileentzat, 105 metroko oinarrizko luzera daukana, baina barianteak erabilita 157 metrora iritsi daitekeena.


Hainbat arau, pista erabiltzeko

Erabiltzaileek ezingo dute pistan ibili, ezarritako ordutegitik kanpo; eta beste hainbat arau ere bete beharko dituzte. Horrela, kaskoa jantzita eraman beharko dute uneoro, eta segurtasun tartea ere errespetatu beharko da: batetik bestera, 5 metroko tartea uztea komeni da. Gainera, zirkuituak badauka noranzko bat, eta horri jarraitu beharko diote. Zirkuituan ezingo da ibilgailu motordunekin ibili, eta ezta txakurrik sartu edota oinez ibili ere. Eta adingabeak, heldu baten begiradapean ibili beharko dira pistan. Egungo osasun egoeragatik, gainera, aforoa ere ezarri dute: zirkuitu txikian 10 lagun gehienez, eta haundian 31.

Bestalde, maiatzean eta ekainean, ikastaroak eskainiko dituzte Pump Track pistan, bizikletarekin oinarrizko teknikak lantzeko. 9 urtetik gorako haur eta gazteentzat izango dira, bi txandatan: maiatzaren 24tik 27ra, 18:00etatik 19:15etara; edo ekainaren 21etik 24ra, ordutegi berean. Horietan parte hartzeko, izena eman beharko da aldez aurretik, kiroldegian, maiatzaren 17tik 21era.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!