Zipotza Mendi Taldeak irteera antolatu du Urdaburura, biharko. Zipotzatik abiatuko dira, goizeko 09:00etan, eta Urdaburuko tontorrerako ibilbidea hasiko dute. Denera, herritik hasita, 26 kilometroko txangoa dela aurreikusi dute. Edonola ere, herritar bakoitzaren esku egongo da kilometro horiek guztiek egitea edo ez. Alegia, norberak erabakiko du ibilbide osoa egitea edo, aldiz, zati bat bakarrik. Hain justu, antolatzaileek diote, «gozatzea» dela garrantzitsuena. Hori horrela, «erritmoa eta distantzia norberaren esku» egongo dela aurreratu dute.
Hori bai, ibilaldiari Zipotzan bertan emango diote bukaera. Beraz, bertan elkartzeko aukera izango dute parte hartu duten herritar guztiek. Horrez gain, jakinarazi dute Zipotza Mendi Taldeko kamixetak salgai daudela Zipotzan, 12 euroan.
Eguraldia alde izango dute, biharko ibilaldian
Bestalde, eguraldiari dagokionez zalantzak izan badira ere, biharko aurreikuspena ona dela dirudi. Egunaren lehen zatian oraindik ere euri pixka bat egin dezake; baina, oro har, egunak argitzera joko du.
Gainera, arratsaldean atertzera egingo du eta zerua garbituz joango da.