Maiatzean futbolak ez du etenik eta gaur eta bihar ez dira partiduak faltako Astigarragan eta Hernanin. Hernaniko Euskal Ligako neskek gaur, 16:30etatik aurrera jokatuko dute Zubipen Alavesen kontra. Bestetik, Gorengo edo Preferentean Mundarrok Zarkumendegin Zumaiakoren aurka neurtuko ditu indarrak, gaur 16:00etatik aurrera. Bihar Hernaniko Jubenil Nazional taldearen txanda izango da, 16:30etatik aurrera, Zubipen Antiguokoren aurka.
Euskal Ligako neskek garaipenaren bidera itzuli nahi dute gaur. Aurreko astean partidu garrantzitsua galdu zuten Oiartzunen eta gaurko arerioa liderra da. Bi partidu gehiagorekin, hernaniarrak baino sei puntu gehiago dituzte. Beraz, norgehiagoka berdindua espero da eta garaipenak lehenengo postura hurbilduko lituzke hernaniarrak.
Jubenil Nazionalak 4-1 irabazi zuen pasa den asteazkenean Amorebietaren kontra eta bihar, 16:30etan, Zubipen jarraipena eman nahi diote emaitza horri. Aurkari zuzenak dira donostiarrak eta garaipena oso emaitza ona litzateke fase honetako azken partiduan.
Gaur Zarkumendegin Mundarrok Zumaiako du aurkari Preferentean. Zumaiarrak eta astigartarrak berdinduta daude sailkapenean zazpi punturekin. Hernanik Tolosan defendatuko du lidertza bihar Usabaleko zelaian, 12:00etatik aurrera.