Herenegun egin zuen apirileko Plenoa, Astigarragako Udalak. Ohi baino gai gutxiago izan zituzten lantzeko, eta zinegotziak ere, normalean baino gutxiago izan ziren Pleno aretoan: etxetik jarraitu zuten Plenoa EH Bilduko bi ordezkarik, eta ez zen bertaratu PSE-EEkoa.
Aurreko Plenoko aktari onarpena eman ondoren, Astigarraga Lantzen SA sozietate publikoaren eta Sagardun Partzuergoaren 2020ko aurrekontuen likidazioa eman zuten aditzera. Eta ondoren, heldu zioten landa eremuko edateko uren hornidurari. Izan ere, «aspalditik» zeuzkaten konpontzeko, Añarbeko Mankomunitatearekin, Bentak eta Perurenako sare primarioko eta sekundarioko azpiegiturak, eta ordaintzeko dauden kontsumoen erregularizazioa. Horretarako, azpiegituren eskualdaketak hitzartuko dituzte Añarbek eta Udalak, Plenoak aho batez onartuta.
Ondoren, bi kontratazio espedienteri heldu zieten. Kale garbiketari dagokionez, lizitazio prezioa oker kalkulatuta zegoela konturatuta, zuzenketa egitea onartu zuen Plenoak, aho batez: 354.319,58 eurokoa izango da garbiketa arruntaren lotearena, eta 8.316 eurokoa baldeaketa lanena, biak ere BEZik gabe. Horrela, berriro emango zaio hasiera esleipen prozedurari, eta 30 eguneko epea izango da eskaintzak aurkezteko.
Beste kontratazio espedientea dagokio eskuhartze eta prebentzio sozioedukatibo eta psikosozialeko zerbitzuari. Zerbitzu hori izango da laguntzeko babesgabetasun arriskuan dauden adingabeei eta beraien familiei, eta gizarte bazterkeria arriskuan dauden helduei. Bi lote izango dira, eta bi urtekoak izango dira kontratuak: adingabeei eta beraien familiei laguntzeko aurrenekoa (61.049,25 euro), eta pertsona helduei zuzendutakoa bigarrena (26.400 euro). Aho batez onartu zuten hori ere.
Abeltzainen alde, EAJ-PNV
Hiru mozio izan zituzten ondoren. Aurreneko biak, gai berberari buruzkoak izan ziren: Euskal Nekazarien Batasunarena (ENBA) aurrenekoa, mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldekoa; eta Euskadiko Otso Taldearena bigarrena, abeltzaintza eta otsoak batera izateko ereduaren aldekoa. EH Bildu abstenitu egin zen bietan, argudiatuz udal maila gainditzen duela gaiak, eta foro orokor bat osatu behar dela konponbidea emateko. Horrekin ados azaldu zen EAJ-PNV ere, baina edonola ere, babesa erakutsi zien abeltzainei: ENBAren mozioaren alde bozkatu zuen, eta bigarrenaren kontra. Hirugarren mozioa, berriz, frankismoko biktimentzako justizia eta erreparazioa bilatzearen aldekoa izan zen, kereila edo salaketak jarri nahi dituzten astigartarrei laguntza juridikoa eskainiz. Aho batez onartu zuten. Hiru mozioak daude irakurgai kronika.eus web orrian.
Aurrekontu partehartzaileak, laster martxan
Eta Plenoa bukatzeko, Xabier Urdangarin alkateak jakinarazi zuen, besteak beste, laster hasiko dela 2021eko aurrekontu partehartzaileen prozesua: maiatzaren 17tik 30era egin ahal izango dira proposamenak. Eta era berean, azaldu zuen laster zabalduko dutela pump track pista, Arrobitxulo inguruan.