Zipotzatik Urdaburura irteera, igande honetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 29a, 00:00

Buzoia, Urdaburuko tontorrean. Añarbeko urtegia ere ikusi daiteke bertatik.

Irteera antolatu du Zipotza Mendi Taldeak, eta goizeko 09:00etan jarri du hitzordua. Norberak erabakiko du ibilbide osoa egin edo zati bat.

Igande honetarako jarri du hurrengo hitzordua, Zipotza Mendi Taldeak. Urdaburu tontorrerako ibilbidea osatuko dute, Zipotzatik bertatik abiatuta, 09:00etan. Ibilbide osoa eginda, 26 kilometro dira, baina norberak erabakiko du ibilaldi osoa egin edo zati bat bakarrik, bere gaitasunetara egokituta: «erritmoa eta distantzia norberaren esku, gozatzea da garrantzitsuena», nabarmendu dute. Bukaera, hori bai, Zipotzan bertan emango diote denek. Ereñotzu gainean dago kokatuta Urdaburu.

Irteera doakoa izango da, eta ez da izena eman behar. Eta jakinarazi dute, era berean, Zipotza Mendi Taldearen kamixetak salgai daudela, Zipotzan bertan, 12 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!