Energia Argitu programaren barruan, beste tailer bat eskainiko dute astigartarrentzat, bihar arratsaldean. Baina oraingoan, online egingo dute, 18:00etatik 19:30etara izango da. Bertan, gomendioak emango dituzte, etxeetan, enpresetan eta elkarteetan energia eta dirua aurrezteko, «energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe». Elkarlanean antolatu dute saioa, Astigarragako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Sailak.
Parte hartzeko, izenematea aldez aurretik
Tailerrean parte hartzea doakoa izango da, baina aldez aurretik eman beharko da izena. Horretarako, hiru bide jarri dituzte aukeran: argitu.eus webgunean egin daiteke; 943 16 41 72 eta 605 757 687 telefonoetara deituta ere bai; edota argitu@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita.
Behin izena emanda, tailerrean parte hartzeko lotura jasoko dute herritarrek. Horretarako, nahikoa izango da internetera sarbidea izatea, eta ez da programarik deskargatu beharko. Euskeraz zein gaztelaniaz jarraitu ahal izango da saioa, itzulpen zerbitzua egongo baita, eta nahi den hizkuntza hautatzeko aukera.
Gainera, aukera izango dute beraien zalantzak eta galderak txat bidez luzatzeko, eta «ahal den neurrian», saioan bertan erantzungo dituzte horiek. Bestela, saioan horretarako denborarik izango ez balitz, posta elektronikoz erantzungo dizkiete galderak, partehartzaileei.
Beste hiru saio, maiatzean eta ekainean
Energia Argitu programaren helburua da, tresnak eta baliabideak jartzea arlo eta sektore ezberdinen eskura (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak...), beraien energiaren kontsumoa murrizteko, eraginkortasuna haunditzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Bide horretan, argitu.eus webgunean jarri dituzte eskuragarri prestakuntza saioak, online tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak...
Eta biharko tailerraren ondoren, beste hiru ere eskainiko dituzte datozen asteotan, guztiak ere internet bidez, eta energiaren aurrezpenarekin eta erabilera jasangarriarekin lotuta. Maiatzaren 13an izango da aurrenekoa: Energia berriztagarriak zure etxean... posible da!
Maiatzaren 27an, berriz, honakoa landuko dute: Eraginkortasun altuko birgaitzea; zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko. Eta bukatzeko, ekainaren 9an egingo dute beste tailer bat: Ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak.