2020ko azaroan hasi eta aurtengo martxora bitartean, animalien araudia berrikusteko prozesua burutu du Astigarragako Udalak, herritarrekin batera, eta Aztikerrek gidatuta. Eta prozesu horren emaitza gisa, zenbait aldaketa egin dituzte araudian, bereziki txakurrei begira, herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko asmoz. Martxoko Plenoan jaso zuten behin behineko onarpena aldaketek, eta maiatzaren 27ra arte dago epea, alegazioak aurkezteko.
Baina bitarte horretan, araudiaren aldaketen berri emango die Udalak herritarrei, eta horretarako, hiru informazio saio antolatu ditu. Gaur bertan izango da aurrenekoa: Kontxa Etxeberria plazan egongo dira, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara. Bertan, araudiaren xehetasunak azalduko dizkiete herritarrei: txakurrak aske ibiltzeko ordutegiak eta gune berriak, orain arteko guneetan izan diren aldaketak...
Joseba Barandiaran plazan eta Foru Plazan saioak, maiatzean
Beste bi saioak, maiatzean izango dira. Hilaren 5ean egingo dute bigarrena, Joseba Barandiaran plazan postua jarrita, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara; eta 12an izango da hirugarrena, Foru Plazan, ordutegi berean.
Txakurrak aske ibiltzeko guneak eta ordutegiak ezarri, aisialdi guneetako arauak markatu, eta txakurrak ibili ezin diren parkeak ere zehaztu ditu Udalak, besteak beste, araudiaren aldaketan. Horren guztiaren berri emango dute informazio saioetan, eta beraz, araudiaren ezaugarri berriak ezagutzeko, informazio gunetik pasatzera gonbitatu ditu herritar guztiak, Astigarragako Udalak.