Kultur arloko berdintasuna erdigunera ekarrita, mahai ingurua egingo dute gaur arratsaldean, Erribera kulturgunean: Kanona zalantzan jartzen. Skolastika taldeko Josune Muñoz ikertzaileak moderatuko du saioa, eta lau adituk hartuko dute parte: Tere Irastortza idazleak, Fernando Tarancón Astiberriko editoreak, Iratxe Retolaza literatur kritikariak, eta Marina Gilabert ikertzaileak. Gainera, Con C de Canon izeneko performancea eskainiko du Miren De Miguel aktore eta sopranoak. Gaztelaniaz izango da saioa, eta 18:00etan hasita, ordu eta erdiko iraupena izango du, 19:30ak arte.
Elkarlanean antolatu dute saioa, Harituz elkarte astigartarrak eta Clásicas y Modernas elkarteak, Astigarragako Udalarekin batera. Clásicas y Modernas elkarteko idazkari nagusia da, hain justu, mahai inguruan parte hartuko dutenetako bat: Marina Gilabert.
Emakume idazleek badute zabalkunderik?
Kulturan orokorrean, eta idazleengan zehazki, jarriko du fokua gaurko mahai inguruak. «Emakumeok idazten dugu, argitaratzen dugu, gure lana kritikatzen dute, aztertzen dute... Baina badaukagu zabalkunderik?», nabarmendu dute saioaren aurkezpenean.
Gai horri helduko diote, hain justu, kanona zalantzan jartzeko saio honetan. Hausnarketa egingo dute emakumeek dagokien errekonozimendua lortzeko topatu izan dituzten eta egun topatzen dituzten zailtasunen inguruan.
Izan ere, idazlearen testua irakurlearengana iristen denean, hura baloratu eta errekonozimendua egingo dio edo ez; baina horretan eragingo dute, baita ere, gizarteko iritzi autorizatuenek. «Eta prozesu luze horretan, tartean daude idazleak, editoreak, kritikariak, hedabideak, hezkuntzako hedatzaileak, liburudendak, sariak, egokitzapenak, beste hizkuntzetako bertsioak... Eta emakumeek prozesu horren %5-7 bakarrik osatzen dute. Erreferente kultural eta zientifikoen %7,6 bakarrik dira emakumezkoak, prozesuaren puntu batean edo gehiagotan emakumezkoak baztertuta geratzen direlako, eta ez direlako iristen beharrezko garrantzia izatera, DBHko eta Batxilergoko liburuetan azaltzeko», nabarmendu du Clásicas y Modernas elkarteak.
Eta guzti horrek, elkartearen ustez, eragiten du gazteek dauzkaten erreferenteetan eta munduaren inguruko ikuskeran. Horregatik, uste du ezinbestekoa dela hezkuntzan eta transmisioan berdintasunaren printzipioak izatea oinarri.