Laboral Kutxa taldeak nagusitasun osoa erakutsi zuen Lazkao LXXVIII Proba lasterketan elite eta 23 urtez azpiko lasterketan. Xabier Murias eta Unai Iribar bikotea elkarrekin sartu ziren helmugan eskutik helduta eta Muriasek igaro zuen azkenengo marra aurretik.
Talde horretako kide da Enekoitz Azparren astigartarra eta bera ere protagonista izan zen lasterketan. Ihes eginda ibili zen, nahiz eta amaiera aldera harrapatu zuten. Taldekako saria ere lortu zuten eta denboraldi bikaina ari da osatzen Jon Lazkanok zuzentzen duen taldea. Lazkaoko helmugan Ivan Cobok (Lizarte) osatu zuen podiuma, irabazlearengandik 10 segundora.
Imanol Alvarez (Eiser Hirumet) laugarren sailkatu zen, 12 segundora, eta Abiatzen Txapelketako lider izaten jarraitzen du. Lasterketa tropelean abiada bizian egin zen eta ia ez zen lekurik egon ihesaldietarako, lasterketaren profilean mendate batzuk agertzen ziren arren.
Azken kilometroetan, hogeita hamar bat txirrindularik aurrera egin zuten. Lazkaomendiko igoeran Caja Laboral mugitu zen Azparrenekin, Lizartek ere lau txirrindulari sartu zituen hamar onenen artean.
Aipatutako txirrindulariez gain, lehen postuak bete zituzten: Gari Lagnet (Sojasun), Iñaki Díaz (Caja Rural), Sinuhé Fernánde (Lizarte), José Marin (Telcom), Mikel Retegi (Lizarte) eta Eugenio Sánchez (Lizarte), denak minutu erditik beherako tartearekin.
Mendiko saria Pablo Carrascosarentzat (Lizarte) izan zen eta bederatzi puntu lortu zituen Olaberrian eta Abaltzisketan aurrena pasa eta gero.
Taldekako sailkapenean, Caja Laboral-Euskadi Fundazioak lehen postua lortu zuen, Lizarte, Caja Rural eta Baqueren aurretik.