Astigarragako Udalak Animalien udal araudia berrikusteko prozesua abiatu du

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 25a, 00:00

Emakume bat txakurrarekin, Andre Gobadarien ibai parkean.

Denera, hiru fase izango ditu: lehenik, diagnosia; bigarrenik, eztabaida herritarra; eta, azkenik, ordenantzaren moldaketa eta berridazketa. Informazio saioak antolatu dira eta datorren asteazkenean, hilaren 28an, izango da lehena.

Astigarragako Udalak abian jarri du Animalien araudiaren berrikuspen-prozesua. Joan den urteko azaroan hasi zuen bidea eta aurtengo martxora bitartean aritu dira horretan lanean. Hori horrela, hainbat informazio saio egingo dituzte herrian barrena, eta datorren asteazkenean, hilaren 28an, izango da lehena. Bigarrena, berriz, maiatzaren 5ean izango da; eta, azkena, maiatzaren 12an.

Abian jarritako berrikuspen-prozesuak hiru fase izan ditu. Hasteko, gaiari zegokion diagnosia egin zuten. Hain justu, animaliei eta bereziki txakurrei dagokienez, herritarren artean dauden elkarbizitza ezaugarriak ezagutu zituzten. Horretarako, dokumentazio-lana eta elkarrizketak egin zituzten. Horren ostean, eztabaida herritarra garatu zuten. Bigarren pauso horretan, «elkarbizitzaren gakoetan sakontzeko eta ordenantzaren moldaketak adosteko» bi saio ireki egin zituzten (2020ko abenduaren 22an eta 2021eko urtarrilaren 20an). Saio horietarako, gainera, herritar guztiei luzatu zieten parte hartzeko gonbidapena. Eta, amaitzeko, ordenantzaren moldaketa eta berridazketa egin zuten. Horretarako, Udalak moldaketak egin ditu araudian. Azken fase horrekin batera, martxoaren 18an, hirugarren bilera egin zuten astigartarrekin, «ekarpenak eta moldaketak kontrastatzeko».

 

Denera, hiru informazio saio

Udal osoko bilkuran behin behineko onarpena jaso zuen martxoaren 30ean, eta alegazioetarako epean dago momentu honetan, maiatzaren 27ra arte.

Tarte horretan, Udalak informazio-saioak antolatu ditu «araudiak dituen xehetasunen berri herritarrak zuzenean informatzeko: ordutegiak, gune berriak, orain arteko guneen aldaketak, eta abar».

Guztira, hiru izango dira: lehena, apirilaren 28an, 18:00etatik 19:30etara bitartean Kontxa Etxeberria Plazan; bigarrena, maiatzaren 5ean, 18:00etatik 19:30etara Joseba Barandiaran Plazan; eta, azkena, maiatzaren 12an, 18:00etatik 19:30etara Foru Enparantzan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!