DBH Astigarraga Orain plataformak, Astigarragan DBH lortzeko programatutako mobilizazioen esparruan eta martxoaren 10ean Astigarragako Udal ordezkariekin batera eman zuten prentsaurrekoan iragarri zuten bezala, datorren maiatzaren 3an Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordera aldarrikapena eramango du.
Herrian DBHko eraikinaren premia eta proiektua Hezkuntza Azpiegituren Plana 2019-2023n ahalik eta azkarren sartzeko edo proiektuak dakartzan pausuetan ahalik eta aurrerapen gehien emateko aldarrikapena eramango dute.
«Gogoratu nahi dugu Udala orubea hiritartzeko lanetan ari dela dagoeneko, eta hilabete gutxi barru Hezkuntza Sailari utziko diola. Behin lagapen hori eginda, Hezkuntza Sailak proiektua lehenbailehen gauzatzen hasteko beharrezkoak diren izapideak martxan jartzea baino ez litzateke geratuko.
Azpimarratu nahi dugu Proiektu horren zain daudela astigartarrak duela hamarkada bat baino gehiago», adierazi du DBH Astigarraga Orain plataformak.
Aldarrikapen hori babesteko, martxoaren 18an sinadura bilketa bat hasi zuten herrian, «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari helaraziko dizkiogun sinadurak. Hilaren 30era arte jarraituko dugu sinadura bilketarekin».