Mikel eta Ion Zapiain gastronomiaren 'The 50 Next' zerrendan sartu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 23a, 00:00
Zapiain anaiak sagardotegian.

Zerrenda honetan gastronomiaren etorkizuna eraberrituko duen belaunaldi berriaren 50 izen agertzen dira eta sagardogile astigartarrak 34 herrialde ordezkatzen dituzten beste 49 izenekin batera daude bertan.

Mikel eta Ion Zapiain sagardogile astigartarrak The Next 50 gastronomia zerrendan agertu berri dira. Zerrenda honetan gastronomiaren etorkizuna eraberrituko duen belaunaldi berriaren 50 izen agertzen dira eta aurten 34 herrialde ordezkatzen dituzten izenak agertzen dira. Horien artean daude sagardogile eta anaiak diren Ion eta Mikel Zapiain. 


Lehen edizio honetan 24 emakume, 19 gizon eta bost kontinenteetako 34 herrialdetako zazpi talde agertzen dira. The 50 Next zerrenda ez da onenen zerrenda bezala egituratzen, baizik eta zazpi kategoriatan, gastronomiaren arlo ezberdinei dagozkienak: ekoizpena, teknologia, hezkuntza, sormen-industriak, zientzia, ostalaritza eta aktibismoa. Finalistak 700 hautagairen artean aukeratu dituzte Basque Culinary Centerren laguntzarekin, «Gastronomiari egindako ekarpen orokorraren eta sektorean aldaketa positiboak bultzatzeko duen ahalmenaren arabera».


1595tik dator sagardoaren ekoizpena Zapiain familian. Mikel eta Ion Zapiain anaiek 21 mendera ekarri dute beraien lana. «Gure historiaren garrantzia nabarmendu behar dugu, gure tradizioak eta jaso dugun ondarea» aipatzen du Mikelek.  


Beraien Astigarragako sagardotegitik, usadio zaharrekin eta bertako tradizioekin lotu eta mundu zabalagoetara eramaten duen edari baten benetako potentziala gordetzen dute.


Mikelek eta Ionek, Zapiain sagardotegiaren ekoizpena zabaldu dutela baloratu du epaimahaiak, «familiaren sagardo natural eta sagardo ozpinduari izozki sagardo berri bat gehituz, Mikelek eta Ionek sagardo gozoa lortzen dute, alkoholdun edukiera haundikoa, Bizi Goxo esaten ziotena. Bizi Goxok nazioarteko sagardozaleen arreta erakarri du.


Zapiainekin batera Maitane Alonso zientzialari bizkaitarra ere zerrendan sartu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!