Astigarraga Ehuntzen jardunaldi partehartzailea gaur, Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 21a, 00:00
DBHko ikasleak eta adineko herritarrak, joan den urteko saioan.

11:00etan hasiko da saioa eta 12:30etan amaituko da. Beharrezkoa da aurretik izena ematea.

Astigarraga Ehuntzen proiektuak adineko pertsona eta herriko elkarteen arteko saretze bat sortzea du helburu. Horretarako, gaur, 11:00etatik 12:30etara bitartean,  jardunaldi partehartzailea antolatu dute. Erriberan izango da, eta saioan parte hartu dezakete 60 urte edo gehiagoko herritarrek.

Oraingo honetan, egitasmoa aurkeztea da jomuga. Hain justu, ekimenean parte hartuko duten elkarteak izango dira protagonistak. Elkarteek beren jardunaren berri emango dute, eta, horrekin batera, adinekoak animatuko dituzte egitasmoan parte hartzera. Izan ere, aurrez aipatu moduan, ekimenaren xedea da «adineko pertsonak herrian parte aktibo izatea eta eurengan ongizate soziala eta emozionala sustatzea».

Modu horretan, adineko herritarren eta elkarteen lehen hartu-emanaren ostean, hau da, gaurko saioaren ondoren, beste hainbat jardunaldi ere egingo dituzte, proiektua gehiago garatzeko. Parte hartzaile bakoitzak elkarte bat aukeratu beharko du, eta, aukeraketa egiten denean, lanean hasteko unea helduko da. Zehazki, herritarrek elkarte horietan egingo dutena da herri osoarentzat jarduera bat prestatu. Kasu horretan, astigartar guztiek izango dute jardueran parte hartzeko aukera; alegia, ez da beharrezkoa izango adin zehatz bat izatea.

Horrekin batera, herritarrek eta elkarteek egingo duten lanketa eta bestelako ekintzak maiatzetik irailera bitartean izango dira. Arduradunek aurreratu zutenez, modu telematikoan edo presentzialki egingo dira, egoeraren arabera.

 

Aurretik izena eman behar da

Gaurko saioan parte hartzeko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, partaidetzaastigarraga@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 680 497 090 zenbakira deitu behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!