40 aparkaleku berri, Tranbia Ibilbidean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 20a, 00:00

Bi helbururekin egin dira pintaketa lanak:  batetik, abiadura murrizteko; eta, bestetik, aparkaleku berriak sortzeko.

Trafiko-intentsitate haundiko bidea da Tranbia Ibilbidea, adin tarte guztietako oinezko askok ere erabiltzen duena. Hori dela eta, «segurtasuna hobetzeko eta, bide batez, aparkalekuaren arazoari irtenbidea emateko» pintaketak egin dira azken egunotan.

Tranbia ibilbideko bi zatiren seinaleztapen horizontala aldatu da: Ergobiako biribilgunetik Izaskun kaleko biribilgune berrira; eta, azken horretatik, Leku Ederreko biribilgunera egin dira pintaketa lanak.

Aldaketa horrekin, orain, lineako aparkalekuen ordez, diagonaleko aparkalekuak jarri dira. Horretarako, galtzadako erreien zabalera murriztu egin da. Eta, beraz, egindako aldaketekin helburu bikoitza lortu da: batetik, trafikoa baretu eta ibilgailuen abiadura murriztea; eta, bestetik, aparkaleku-kopurua haunditzea. Egindako lanekin, guztira, Tranbia ibilbide osoan, 40 plaza berri inguru lortu direla ziurtatu du Udalak.

Horrez gain, herri sarrerako bidegurutzean ere pintaketa lanak egin dira. Izan ere, Troia kalea eta Txalaka ibilbidea elkartzen dituen bidegurutzean hainbat aldiz istripuak gertatu izan dira. Arriskua saihesteko asmoz, trafiko-aldaketak egin dira puntu horretan. Bide batez, egindako aldaketak baliatuz, aparkaleku-plaza berriak sortu dira. Azkenik, oinezkoentzako zebrabide bat ere margotu da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!