Valentziako Itzuliko erlojupekoan bederatzigarren, Azparren

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 20a, 00:00
Xabier Mikel Azparren, tropeleko bigarren, taldekideentzat lanean. Argazkia: Volta a la Comunitat Valenciana

Oso maila onean aritu da astigartarra, itzuli osoan zehar. Azkeneko etapako esprintean, igandean, 12garren izan zen.

Hasi da bere gaitasunaren berri ematen, profesionalen artean, Xabier Mikel Azparren astigartarra. Igandean bukatu zuen Valentziako Itzulia, eta oso maila onean aritu da, itzuli osoan zehar. Ostegunean egin zuen bere aurreneko agerraldia, bigarren etapan, eguneko ihesaldian sartu eta helmugarako bost kilometro falta ziren arte tropelaren aurretik eutsita.

Eta protagonista izan zen, be­rriro ere, asteburuko bi egunetan. Larunbatean, bere estreinako erlojupekoa jokatu zuen pro­fesionaletan, eta onenen artean sailkatu zen: bederatzigarren izan zen. 17 minutu eta 25 segundutan osatu zuen 14,3 kilometroko ibilbidea, Stefan Küng irabazleak baino 1:13 gehiago. Europako txapelduna da Küng, erlojupeko proban.

Igandean, berriz, 91 kilometroko etapa laua jokatu zuten, itzuliari bukaera emateko; eta esprint nahasian, 12garren sailkatu zen astigartarra. Sailkapen nagusian 77garren bukatu zuen, eta taldeka hirugarren sailkatu zen Euskaltel-Euskadi.

 

Telmo Semperena aurreneko postuetatik gertu, asteburuko bi lasterketetan

Gainerako kategorietan, berriz, afizionatu mailakoak izan dira asteburuan lehiatzen bakarrak, kadete eta jubenilen lasterketak atzeratu egin baitzituzten.

Zita bikoitza izan dute afizionatuek, gainera. Larunbatean, Markina-Xemeinen aritu ziren Telmo Semperena eta Enekoitz Azparren astigartarrak, Sabin Foruria Memorialean. 110 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten, eta onenekin iritsi zen helmugara Semperena, 36 txirrindulariko taldean. Azkenean, 17garren izan zen esprintean. Azparren, berriz, 52garren iritsi zen helmugara, 3:37ra. San­tiago Mesa kolonbiarra izan zen azkarrena helmugan.

Eta igandean, berriro ere, onenekin ibili zen Semperena, Duranan. Eusebio Velez Saria zeukaten jokoan, 122 kilometroko ibilbidearekin; eta bezperako emaitza hobetu zuen astigartarrak: 13garren sailkatu zen. Kasu horretan, ihes eginda helmugaratu ziren hiru txirrindulari, Unai Iribar irabazlea (Enekoitz Azparrenen tadekidea), Julen Arriola-Bengoa eta Imanol Alvarez; eta atzetik 15 laguneko taldea, 13 segundura, Semperena tartean zela.

Abiatzen Torneorako puntuagarriak ziren biak, eta sailkapen horretan 19garren zegoen Telmo Semperena, bi proba horien aurretik. Sailkapena ez du eguneratu oraindik, Euskadiko Txirrindularitza Federazioak.

Datorren larunbatean, hain justu, torneo horretarako proba puntuagarria izango dute Lazkaon. Jubenilak Beran ariko dira igandean, eta kadeteak ere igandean, Errespalditzan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!