Ehuntzen jardunaldia asteazkenean izango da

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 18a, 00:00

Astigarraga Ehuntzen proiektuak adineko pertsona eta herriko elkarteen arteko saretze bat sortzea bilatzen du. 

60 urte edo gehiagoko pertsonei zuzendutako Astigarraga Ehuntzen jardunaldi partehartzailea, asteazkenean, apirilaren 21ean antolatuko da. Ehuntzen proiektuak adineko pertsona eta herriko elkarteen arteko saretze bat sortzea bilatzen du eta horretarako, 11:00etatik 12:30etara bi kolektibo hauek Erribera kulturgunean elkartuko dira.


Joan den ikasturtean Astigarraga Ehuntzen proiektu pilotua abiatu zuen Astigarragako Udalak Bat, bi ta hiru, partehartze eta garapen komunitarioan espezializatutako gizarte enpresa aholkulariarekin. «Harremanaren bitartez ziurtatu behar dugu adinekoen ongizatea; oraindik asko daukate herriari emateko».


Orduan, adineko pertsonak eta DBHko ikasleak izan ziren proiektuan parte hartu zutenak eta hainbat tailer burutu zituzten elkarrekin. Proiektu horrek izandako harrera ona ikusita, Udalak Astigarraga Ehuntzen proiektua herrira zabaltzea pentsatu zuen.

60 urtetik gorakoentzat eta izena eman behar da
Hortaz, oraingo honetan herriko elkarteak eta adineko pertsonak izango dira protagonista. Helburu nagusia adineko pertsonak herrian parte aktibo izatea eta eurengan ongizate sozial eta emozionala sustatzea da.


Horretarako, adineko pertsonen eta elkarteen lehen hartu-emana apirilaren 21ean izango da eta jardunaldi horretatik jarduera batzuk sortuko dira.
Behin adinekoen eta elkarteen arteko saretzea eginik, adineko pertsonek dinamika jakin batzuk sortzea da helburua, herriko parte aktibo izateko.


Saioan 60 urte edo gehiagoko pertsonek hartu dezakete parte eta izenemateko partaidetzaastigarraga@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 680 497 090 zenbakira deitu behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!