Astigarragako Udalak poligonoen hondakin bilketa publifikatuko du

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 15a, 00:00
2021eko uztailaren 1etik aurrera, industrialdeko hondakinen bilketa %100ean Garbitaniaren bidez egitea da asmoa.

Egun FCC enpresa multinazionalak du poligonoen hondakinen bilketako ardura, eta asmoa da, aurrerantzean, Garbitania enpresa publikoak izatea. 

Astigarragako Udalak jakitera eman du poligonoen bilketa  publifikatuko dela. Hain justu, gaur egun poligonoen hondakinen bilketaren ardura FCC enpresa multinazionalak dauka, eta martxoko Udal osoko bilkuran, erabaki zen abian jartzea espedientea, Udalak zuzenean kudeatu ahal izateko herriko industrialdeko hondakinak biltzeko zerbitzu publikoa. Hori horrela, Udalaren asmoa da 2021eko uztailaren 1etik aurrera, industrialdeko hondakinen bilketa %100ean Garbitania enpresa publikoaren bidez egitea. 
Aldaketa horrekin, Udalak azaldu du «esku eta interes pribatuen menpe eta mesedetara dagoen zerbitzu publikoa publifikatzeaz gain», helburua dela Udalak hobetzea Bidebitarte, Ubarburu, Zamoka, Troia eta Txalakako industrialdeko erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua.

Erraustegira, 62.000 kilo 
hondakin gutxiago
Poligonoen hondakin bilketa publifikatuko denez, Udalak adierazi du hainbat onura izango direla herrian. Batetik, industrialdeko enpresek bilketa zerbitzu bera jasoko dutela argi utzi dute. Aldaketa nabarmenena izango da papera eta kartoia  astean behin jaso beharrean, astean bitan jasoko direla; eta, gainera, errefusa astean bitan jaso ordez, aurrerantzean astean behin jasoko dela. «Aldaketa honen helburua argia da; bilketa selektiboan beste urrats bat gehiago egitea, batik bat, errefusa murriztuz eta organikoaren bilketa areagotuz», azaldu dute Udalekoek. Estimazioen arabera, 93.000 kilo hondakin gehiago jasoko dira gaika eta erraustegira 62.000 kilo hondakin gutxiago bidaliko dira. Horrez gain, hondakinen bilketa selektiboa %83tik %88ra pasatzea aurreikusten da, «baina helburua %90eko muga gainditzea izango da».

Bestetik, Astigarragako industrialdeko erabiltzaileek hezitzaile bat izango dute 100%eko jardunean, euren zalantzak eta eskaerak egiteko eta aholkularitza eta laguntza jasotzeko. Beraz, lanpostu berri bat sortuko denez, San Markok ematen duen zerbitzua hobetuko da. «Gaur egun San Markok pertsona eta erdi bideratzen baitu Astigarraga, Donostia, Lasarte-Oria, Orereta, Pasaia, Lezo eta Urnietako erabiltzaile guztien eskaerei erantzuteko». Publifikazioarekin, ordea,  Astigarragako industrialdeko erabiltzaileek pertsona bat izango dute «esklusiboki» euren zerbitzura.

Aipatutakoaz gain, enpresetan dauden edukiontzi ugari berritu eta egokituko dira enpresek dituzten beharrei «hobeto» erantzuteko. Denera, 261 edukiontzi aldatzea aurreikusten da.

Bestalde, Udalak jakinarazi du bilketa zerbitzua orain egiten duten FCCko langileak lanean mantenduko dituela, «dagokien subrogazio eskubidea errespetatuz». Modu horretan, FCCko langile izatetik, Garbitaniako langile izatera pasako dira. 

«Aldaketa honen helburua argia da; bilketa selektiboan beste urrats bat gehiago egitea, batik bat, errefusa murriztuz»


Horren ostean, industrialdeko hondakin bilketa zerbitzua publifikatuta, zerbitzuaren erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua hobetuko da; hala nola, hezitzailearen figura indartuko da eta Udala gai izango da zerbitzuarengatik jasoko dituen diru-sarrerengatik zerbitzuaren kostuaren, gutxienez, %92,44a estaltzeko. Hau da, zerbitzuak balio dituen 403.836,64 euroko diru-sarrerengatik, Udalak gutxienez, 373.289,62 euro jasoko ditu.

Herriko bilketak berdin jarraituko du
Industrialdeko hondakinen bilketa publifikatuko bada ere, herrian ematen den zerbitzuan ez da aldaketarik izango. Edonola ere, urtea amaitu aurretik Udalak poltsa konpostagarriak doan banatzeko makinak jarriko ditu  herrian barrena. Horrela, herritarrek dohainik eskuratu ahal izango dituzte hondakin konpostagarriak edukiontzi marroiean botatzeko poltsak.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!