Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren aurkezpena, etzi

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 14a, 00:00

Herri Eskolako Aretoan aurkeztuko da 18:00etan eta osatutako planaren nondik-norakoak azalduko dira bertan.

Astigarragako Hiri Mugikortasun Planaren aurkezpena egingo da etzi, ostegunean, Herri Eskolako Aretoan, 18:00etatik aurrera. Osatutako planaren nondik-norakoak aurkeztuko zaizkie herritarrei.

Astigarragak denbora darama mugikortasun jasangarriaren gaia lantzen. Hori dela eta, Astigarragako Udalak orain arte egindako dokumentuetan oinarrituta diagnosi eguneratua osatzea erabaki zuen, eta Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren idazketa eskatu zion RAZ enpresari (diseinu aurreratuko aholkularitza enpresa), mugikortasun eredu jasangarri baterantz abiatzeko hartu beharreko neurriak zehazteko helburuarekin.

«Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plan baten helburu estrategikoa pertsonen mugikortasun beharrei eredu jasangarri baten baitan erantzutea da, jasangarria hitzaren hiru adieretan, alegia: jasangarritasun ekologikoa, ekonomikoa eta soziala».

Eredu honek herritarrak izango ditu erdian, eta hiriguneko mugikortasun modu guztiak izango ditu kontuan: publikoak eta pribatuak, bidaiariak eta karga, motorizatuak eta ez-motorizatuak, mugimenduan eta aparkatuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!