Botadun katua antzerkia oholtza gainean ikusteko aukera izango dute gaurkoan astigartar txikiek. Arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera emanaldiari, eta Erriberan izango da. 3 eta 9 urteko adin tarteari gomendatutako emanaldi honek, kantu eta dantzaz betetako antzezlan komikoa eskainiko die, etxeko txikiei; «ikusleak ipuin zaharraren berreskuratze lanaren parte izango dira».
Haurren sarrerak 3 euro balio du, eta helduenak berriz 6 euro.
Glu-glu konpainiaren, 'Botadun katua'
«Oso urrutiko herrixka batean, amama zahar batek bere bilobak bildu ditu. Haurren gurasoak etxetik urrun joanak dira lan eta sos bila. Horregatik, amamak haurrek irmotasunaren, irudimenaren eta lanaren garrantziaz jabetu daitezen, bilobei jolas moduko proba ederra jartzea erabaki du. Sekula ahaztuko ez duten egun honetan, bilobetako bakoitzarentzat etxeko objektu zahar bat aukeratu du amamak eta herentzian jasoko dutela azaldu die. Bilobetako bakoitzak objektu jakin horrekin eta tresna horren laguntzari esker, gazteluko magia berreskuratzeko erronka izango du. Hau da, gazteluko atea berriz ere irekitzea izango dute misio, izan ere, berezkoa duen magia galduta baitauka gazteluak eta, ondorioz, ateak itxita.
Galdutakoa, funtsean, gazteluaren alaitasuna eta argitasuna dira, ordurako, inork gutxi sinesten baitu magian. Amamak etxean bildutako objektuei ez die berebiziko garrantzirik eman. Etxean aurkitutako lehenak hartu eta biloben artean banatu ditu».