2020ko apirileko Osoko Bilkuran Astigarragako Udalak Donostiako Udalari erreklamazioa aurkeztu zion. Elio-eneako eta Larraburu baserriko lursailen zati bat desjabatzeagatik, Donostiako Udalak egiteko horretan eskuratu zuen dirua Astigarragako Udalari emateko eskatu zuten. Desanexioa gertatu zenetik, gai eztabaidagarria izan da bi Udalen artean, eta orain, erreklamazioa aurkeztu zenetik urtebete beranduago, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Astigarragako Udalaren alde egin du.
Hain justu, pasa den martxoan jaso zuen Astigarragako Udalak auzitegiaren epaia, eta aldeko irizpena du. Hori horrela, aurretik aipatutako auziagatik, Donostiako Udalak 560.977,40 euro eman behar dizkio Astigarragakoari. Edonola ere, epaia ez da irmoa eta, ondorioz, errekurtsoa aurkezteko aukera dago apirilaren 19ra arte.
Eztabaida, 1987tik
Orain ebatzi den gaia ulertzeko 34 urte egin behar dira atzera. 1987an, Astigarraga berriz ere udalerri bilakatu zenean, Donostiako Udalak ez zizkion Elio-eneako eta Larraburu inguruko lursail batzuk Astigarragari eman. Hori horrela, auzitegietara jo eta hainbat urte igarota, 2017ko maiatzaren 26an, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiak ezarri zuen lur horiek Astigarragako Udalarenak zirela. Epai hori betetzeko bidean, lurrak 2019ko abenduaren 26an inskribatu ziren Astigarragako Udalaren izenean.
Bitarte horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lur horien zati bat desjabetu zuen Donostiako ingurubideko errepidea eraikitzeko. Desjabetza hori medio, 560.977,40 euroko diru-ordaina eman zion Donostiako Udalari. Horren haritik, Astigarragako Udala lursail horien titularra zenez eta gaur egun ere badenez, berari zegokion desjabetutako finkengatik jasotako diru-kopurua jasotzea, eta baita horren legezko interesak ere.
Adierazitako horregatik guztiagatik, 2020ko apirileko Osoko Bilkuran aurkeztu zion erreklamazioa Donostiako Udalari, eta aldeko irizpidea jaso du orain.