Lokala 15 urtez utzi eta 20.000 euroko dirulaguntza emango dio Udalak, Emakumeon Etxeari

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 2a, 00:00

Beste hainbat dirulaguntza izendun ere onartu zituen, astearteko Tokiko Gobernu Batzordean: Andre Maria parrokiari, Harituz elkarteari, Astikat eta Xaguxar elkarteeri, besteak beste.

Astigarragako Udalak, astearteko Plenoan, onartu zuen Emakumeon Etxeari 15 urtez Kale Nagusia 23an dagoen lokala uztea doan eta 20.000 euroko dirulaguntza ere proiektuari ematea baimendu zen. Bertan obrak egiten ari dira modu egokian uzteko. Emakumeon Etxea sortu berri da Astigarragan, herriko talde feministak eta Astigarragako emakumeak batuko dituen gunea izango da, hain zuzen ere. Udalak bultzatutako partaidetza prozesu batetik abiatu zen Emakumeon Etxearen proiektua.


Bestetik, martxoaren 30eko Tokiko Gobernu Batzordean zenbait dirulaguntza izendun onartu ziren.


Andre Maria zeruratze parrokiari 2021 urtean 3.600 euroko dirulaguntza ematea onartu zen, elikagaien eta beste behar sozial batzuen banaketak eragindako kostuak ordaintzeko. Udaleko Gizarte Zerbitzuak izango dira herritar eta familien egoera aztertu eta parrokiari zerrenda emateaz arduratuko direnak, eta parrokia banaketa antolatu eta elikagai eta behar sozialak emateaz arduratuko da.


Harituz emakume eta gizonen berdintasun eskola elkarteari 14.000 euroko dirulaguntza ematea onartu zen.


Urteak daramatza Astikat elkarteak herriko katuen kolonien jarraipena eta kontrola egiten. Hori da elkarteak duen helburu nagusia. Udalak elkarte honen helburuak herri intereskotzat direla uste duenez, aurten ere, 5.000 euroko dirulaguntza onartu du.


Udalak 2021eko udaleku ireki, Gabonetako jolas-aretoaren zaintza, Aste Santuko ludoteka eta Gabonetako negulekua antolatzeko 20.000 euroko dirulaguntza onartu zen Xaguxar elkartearentzat.


Azkenik, 2020-23ko dirulaguntzen Plan Estrategikoan zenbait aldaketa onartu ziren: Sagardun partzuergoari 77.000 euro; Astiko elkarteari, 45.000 euro; AEKri 21.848 euroko dirulaguntza; eta bestetik, euskera ikasteko 36.400 euro lehia askeko dirulaguntzetan emateko; Musika Eskolarekin hitzarmena berritzeko 180.575,59 euro; Beharra duten familiei ikasketa materiala erosteko 5.000 euro; Gizarte zerbitzuen arloan jarduerak antolatzen dituzten elkarteei dirulaguntzak emateko 4.400 euro.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!