Maiatzean hasiko dira Arrobitxuloko igogailuaren eta Haur Eskolaren obrak

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 1a, 00:00
Mikel Duran eta Aintzane Barandiaran zinegotziak, eta Xabier Urdangarin alkatea, astearteko Plenoan.

Asteartean onartu zituen kontratazio espedienteak, Plenoak. Poligonoetako hondakin bilketa Garbitaniaren esku uztea ere erabaki zuten, baina kontra azaldu zen oposizioa.

Hainbat gai garrantzitsuri eman zien onarpena, asteartean, Astigarragako Udaleko Plenoak. Horien artean daude, esaterako, Arrobitxuloko igogailuaren eta Haur Eskola berriaren obren kontratazio espedienteak. Biak aho batez onartuta, maiatzean hasiko dira obrak.

Igogailuari dagokiona, Construcciones Moyuari esleitu zaio, 781.183,91 euroan. Egin zuen eskaintza baxuagatik, otsailean erabaki zuen Plenoak prezio hori justifikatu zezan eskatzea. Justifikazioa aurkeztu du Moyuak, eta hori ontzat emanda, berari esleitzea erabaki zuen Plenoak, asteartean. Maiatzean hasita, urte bukaera ingururako espero dute obrak bukatuta egotea.

Haur Eskola berriaren obra egiteko kontratua, berriz, Altuna y Uria enpresari esleitu zaio, 921.592,23 euroan. Maiatzean hasiko da obra hori ere, eta zortzi hilabeteko iraupena izango du.

Beste bi kontratazio espediente ere izan zituzten hizpide, Plenoan: lorezaintza zerbitzuaren eta kale garbiketaren kontratuak esleitzeko prozedura hastea erabaki zuten aho batez. Bietan, lizitazio prezioa haunditzeko «ahalegin haundia» egin du Udalak, herriaren hazkundera egokitzeko zerbitzu horiek ere. Horrela, 416.034,37 eurokoa da bi urteko lizitazio prezioa, lorezaintzari dagokionez, eta bi lote izango ditu: kanpoko lorategiei dagokiona, eta udal eraikinen barrukoa eta fatxadetakoa. Bi urteko iraupena izango du, eta urtebetez luzatu daiteke, gehienez hiru aldiz. Kale garbiketarako, berriz, 806.886,44 eurokoa da prezioa, iraupen berberarekin, eta hori ere bi lotetan banatuta: garbiketa orokorra, eta urez garbitzeko kamioien bidezkoa.

Landa bideetan eta Txomiñenen ere, lanak hasteko prest

Eta Tokiko Gobernu Batzordean ere onartu zituzten, beste zenbait kontratazio espediente. Bide publikoei dagokiona da horietako bat. Otsailean, erabaki zuten Excavaciones y Transportes Orsa enpresari eskatzea justifikatu zezala egindako eskaintzaren prezio bajua. Hala egin zuen enpresak, eta berari esleitu diote bide publikoetako lanen bigarren lotea, landa bideetako zoladurari dagokiona, 70.219,40 euroan. Hori horrela, apirilean eta maiatzean zehar egingo dituzte zenbait lan: Txoritokieta-Usategietako bidea konpontzeko lanak, eta herri sarrera eta Bidebitarteko zati bat asfaltatzeko obrak.

Tokiko Gobernu Batzordean onartutako bestea, Txomiñeneri dagokio. Frontoiaren estalpea berritzeko obraren kontratua esleitu dio Udalak, Construcciones Echaide enpresari, 77.252,93 euroan. Horrela, frontoiaren estalkia berritzeaz gainera, egurrezko egitura berritu eta saneatuko dute, eta euri urak biltzeko hoditeria eta erretenak ere berrituko dituzte. Izan ere, ur asko erortzen da menditik, frontoiaren ezker hormaren aldetik, eta horren hezetasun haundia eragiten du frontoian. Udan egingo dituzte obra horiek, eta abuztuan hastea aurreikusi dute.

Gerakineko 1,2 milioi euro, 2021eko partidak indartzeko

Kontratazio espedienteen aurretik, beste hainbat gai ere landu zituzten Plenoan. Hasteko, 2020 urteko Udal Aurrekontuaren likidazioaren berri eman zuten. %59koa izan da exekuzio maila, 2019koaren antzekoa; eta zazpi milioi euro inguruko gerakina izan du Udalak. Kopuru horretatik zati haundi bat, zuzenean txertatu da 2021ekoan, egiteko dauden inbertsio batzuei dagokielako. Eta beste 1.218.374 euro bideratu dira, 2021eko aurrekontuko partida batzuk indartzeko. «Diru sarrerei dagokienez, ondo bukatu dugu urtea, Foru Funtsaren murrizketarekin ere. Pozik egoteko moduan gaude, egonkortasuna daukalako Udalak», nabar­mendu zuen Xabier Urdan­garin alkateak.

2021eko Ordenantza Fiskalak ere onartu zituzten, zenbait aldaketarekin: hobariak eskatzeko epea abenduak 31 izango da, eta hurrengo urtean aplikatuko dira; kultur ekipamenduak erabiltzeko tasetan, Erriberan areto gehiago daudenez, ordenantzako atala moldatu dute; kirol ikastaroen tasak borobildu dituzte; eta poligonoetako hondakin bilketaren tasetan, zenbait atal zuzendu eta egokitu dituzte, eta udal ordenantzara ekarri; «baina enpresek ez dute gehiago ordainduko», azaldu du alkate­ak. Aldaketa guztiak onartu ziren aho batez, hondakin bilketarena izan ezik: kontra bozkatu zuten PSEk eta EAJk.

Izan ere, aldaketa hori egiteko arrazoia dator, Plenoan landu zuten beste puntu batetik: poligonoetako hondakin bilketa publifikatzea eta Garbitaniaren esku uztea erabaki du Plenoak, EH Bilduren aldeko botoekin, eta oposizioko bi alderdien kontrakoekin. «2020an zehar azter­tu dugu aukera hori, zerbitzua hobetu eta sailkatze tasa %5 haunditzeko asmoz. Eko­nomikoki, egun­goa baino era­ginkorragoa da, eta langile eta erdiren lanaldia dago aurreikusita», azaldu zuen alkateak. Aldaketa horren beharrik ez dagoela adierazi zuen EAJko Nerea Zusberrok, eta erabakiaren kontra azaldu zen PSEko Mikel Duran ere.

Txakurrak libre ibiltzeko, bi eremu gehiago herrian

Txakurren ordenantzan zenbait aldaketa egitea ere onartu zuten, aho batez. Aurreko hilabeteotan egin dute partehartze prozesua horretarako, herritarrekin, eta hiru aldaketa nagusi izango dira. Batetik, txakurrak libre ibili ahal izango dira Andre Gobadarien ibai parkean eta Maskarrene bidean (kultur etxe zaharretik Goiko Itturrira), orain arte Murgia Jauregian eta Mundarro plazan bezala, ordutegi honetan: udaran, 20:00etatik 10:00etara; eta neguan, 19:00e­tatik 11:00etara. Bestetik, parke eta jolasguneak babestutako eremu izango dira, eta ezingo da txakurrik sartu (salbuespenen bat egitea planteatzen ari dira). Eta azkenik, Santiomendiko aisialdi gunean, 12:00-00:00 ordutegian lotuta ibi­li beharko dira txakurrak. Ho­rren guztiaren berri emango du Udalak, datozen egunetan; eta sentsibilizazio kanpaina ere egingo du apirilean.

Bestalde, Mundarrori 30.700 euro inguru ematea ere onartu zuten, pandemiagatik kirol instalazioen kudeaketaren kontratua eteteak eragindako desoreka ekonomikoagatik. Eta araudia osatu eta onartu du Udalak, era berean, Txomiñeneren eta Zarkumendegiren erabilerarako.

Eta Plenoa bukatzeko, EAJko Nerea Zusberrok aipamen bat egin zuen, Sagardo Berriaren Egu­nari buruz: «ekitaldian, zortzi gizonezko zeuden taula gainean, eta emakumezkorik ez. Eta Udal honek berdintasunaren bidean egin duen lanarekin, ezin dugu hori onartu». Emakumezkoren bat egoteko ahaleginak egin zituztela azaldu zuen alkateak, baina ez zutela lortu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!