Italian dabil egun hauetan, Xabier Mikel Azparren astigartarra; eta primeran ekin dio egonaldiari, gainera. Igandean, Per sempre Alfredo klasikan aritu zen, eta lan bikaina egin zuen, Mikel Aristi taldekidea podiumera igotzeko. Astigartarrak azkeneko metroetara arte eskaini zion laguntza, eta esprintean bigarren izan zen Aristi. Taldekideen laguntza eta babesa goraipatu zuen bergararrak, proba bukatuta. Lanean aritu ondoren, 26garren bukatu zuen Azparrenek, talde nagusian.
Gaurtik aurrera, Settimana Coppi e Bartali itzulian ariko da astigartarra, larunbatera arte.
Tasio Semperena 9garren, Zarauztarra Sarian
Profesional mailatik kanpo, bi lasterketatan aritu dira bailarako txirrindulariak, asteburu honetan. Kadete mailan, Zarautzen izan zuten lasterketa igandean, Zarauztarra Saria; eta 9garren sailkatu zen Tasio Semperena astigartarra, bigarren urteko kadeteen artean. Lasterketa berean aritu zen Naya Mangas hernaniarra ere, eta lortu zuen proba bukatzea.
Afizionatu mailakoak, berriz, Lizarran aritu ziren igandean bertan, Cirilo Zunzarren Memorialean. Enekoitz Azparren astigartarra sailkatu zen ondoen, 26garren postuan; eta 48garren izan zen Telmo Semperena astigartarra.