Indarkeria matxistarengatik hildako emakumeei omenaldia

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 17a, 00:00

Aintzane Barandiaran eta Carmen Ibañez, erakusketan.

Beraien omenez Carmen Ibañezek Erriberan erakusketa jarri du eta larunbatera arte dago ikusgai.

Carmen Ibañez KarmeLaHozek indarkeria matxistarengatik hildako emakumeen omenez osatu duen arte instalazioa, Erribera kulturguneko erakusketa gelan egongo da ikusgai, larunbatera bitarte. 

Erakusketa gela astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 18:30etatik 20:00etara dago irekita eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara. Carmen Ibañez bertan egongo da arratsaldetan eta larunbat goizetan.

Instalazioan zehar pieza artistiko txiki bat sistematikoki errepikatzen da, indarkeria matxistari eta haren ondorioei buruz «hausnartu dezagun eskatzeko, eta, aldi berean, emakume borrokalari, ahuldutako eta erresistentearen irudi metaforiko bat planteatuz, taldean murgilduta», dio Ibañezek.

Instalazio soila da, elementu gutxikoa eta pieza bakoitzak bi zati ditu. Behekoan lurra eta kolore gorria uztartzen dira; lurrak absentzia gogorarazten du eta gorriak odola iradokitzen du. Goikoan kobrea dago, eroankortasuna, malgustasuna... iradokitzen dituen materiala, eta giza ilea energiaz bete eta emakumea irudikatzen du.

Instalazioa horizontaltasunean eta hutsaren okupazioan artikulatuta dago. Bertan integratzean, ikusleak piezekin hitz egin dezake eta artistak sortutako munduan murgildu daiteke, lotura emozionalak sortuz. Ikusleak ez du obra kanpotik ikusten, bertan murgiltzen da. Argia eta soinua ezinbesteko elementuak dira, lanaren osagarri.


Carmen Ibañez 'KarmeLaHoz'

Carmen Ibañez Hernanin bizi da. Erakusketa kolektibo eta indibidual ugari egin ditu. Besteak beste Espainian, Frantzian eta Mexikon. 

Bere lanak beti patriarkatuaren, genero identitatearen eta genero indarkeriaren ingurukoak dira. Azken hori da bere obraren gai nagusia, behin eta berriz errepikatzen dena, artista gisa ez ezik, emakume gisa ere bizi izan baitu.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!