Animalien araudia berrikusteko prozesuaren azken saioa Herri Eskolako areto nagusian egingo da etzi, 18:00etatik aurrera, eta orain arteko saioetan bezala izen ematea beharrezkoa izango da saiora hurbiltzeko.
Astigarragako Udalak Animalien Udal Araudia berrikusteko eta bereziki txakurrekin espazio publikoan duen elkarbizitza lantzeko partaidetza prozesua abiatu zuen abenduan.
Prozesua hiru fase nagusirekin diseinatu zen: lehendabizi gaur egungo errealitatera hurbiltzeko diagnosi bat burutu zen, horretarako udalaren dokumentazioa aztertu eta hainbat elkarrizketa egin ziren animalien eta espazio publikoaren elkarbizitzaren inguruan sentsibilitate ezberdinak izan zitzaketen pertsonei; bigarren urratsa gai horiek denak herritarrekin lantzea izan da, eta horretarako bi bilera egin dira herritarrekin, lehena diagnosia osatzeko, eta bigarrena araudia hobetzeko proposamenak lantzeko; hirugarren fasea, araudian izan diren aldaketak herritarrei sozializatu eta zabaltzeko aurkezpenak egitea izango da.
Momentu honetan dagoeneko araudia hobetzeko proposamenak eta ekarpenak landu dira herritarrekin, eta horiek araudiaren berridazketan txertatzeko konpromisoa hartu zuen udalak.
Zentzu honetan, herritarrekin egindako bigarren bileran adostu ziren aldaketak araudian nola txertatu diren azalduko da etzi egingo den bileran.
Izena eman daiteke email, telefono edo WhatsApp bidez
Herritarrekin egin diren aurreko bi saioetan bezala, aurretik izenematea beharrezkoa izango da osasun neurri guztiak bermatze aldera, honako kontaktuetan; helbide elektronikoz: alkatetza@astigarraga.eus, telefonoz: 943 33 15 12 zenbakian edota WhatsApp aplikazioaren bidez: 608 018 512 telefono zenbakian