Astigarragako Udalak eta DBH plataformak bat egin dute, DBHko ikastetxea lortzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 14a, 00:00

Asteazkenean egin zuten prentsaurrekoa, Astigarragako udaletxean.

Astigarragako Udalak eta DBH plataformak prentsaurrekoa eskaini zuten asteazkenean, Eusko Jaurlaritzak ikastetxea eraikitzeko urratsak «azkar egin ditzan». Horrez gain, DBH plataformak, sinadura biltzeko ekimena hasi du.

Asteazkenean, Astigarragako Udaletxeko batzar aretoan prentsaurrekoa eskaini zuten DBH plataformak eta Astigarragako Udalak. Udala gainera, DBHko ikastetxearen orubea prestatzeko hiritartze lanak amaitzen ari da, eta «unea iritsi da Hezkuntza Sailari hurrengo urratsak azkar ditzan eskatzeko» dio Udalak.

 

«Aspaldiko ametsa»

Astigartarren aspaldiko ametsa da bertako haurrek Derrigorrezko Hezkuntza herrian bertan jaso ahal izatea. Aspaldiko amets hau, badirudi, gauzatzeko bidean dagoela, Astigarragako Udalak eta Hezkuntza Sailak lankidetzan egin duten bideari esker.

Duela 20 bat urte, Astigarragak, 3.500 biztanle zituen, gaur egun ordea, 7.305 ditu. Udalak aipatu zuen bikoiztu egin zela kopurua; «bistan da horrelako bilakaera izan duen udalerri batek oinarrizko zerbitzuak eskaini behar dituela, eta zer esanik ez, derrigorrezko hezkuntza».

 

Orubea prestatzeko lanak

Udala, DBHko ikastetxearen orubea prestatzeko hiritartze lanak amaitzen ari da. Linea elektrikoa lurperatzeko obra zibila apirilean amaituko da eta linea lurperatuta egongo da maiatzean. Udalak aurreproiektua lantzen eta hiritartze lan horiekin 730.000 euroko inbertsio egin du. Hau amaitzean, Udalak orubea prest izango du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari uzteko.

Udala eta DBHko plataformaren helburu nagusia hori da, urrats horiek azkartu, eta Astigarragako DBHko ikastetxearen proiektua 2019-23ko plangintzan sartzea.

Sinadura bilketa martxoaren 18an hasiko da. Hainbat gune finkoetan egongo da sinatzeko aukera eta egun batzuetan kalean mahaiak ere jarriko dira.

Guneak non egongo diren eta mahaiak zein egunetan, eta zein ordutan jarriko diren, laster zabalduko du DBHko plataformak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!